Haur eta nerabeen ongizate emozionalean eragiteko estrategia berria lantzen ari da Arrasateko Udala, bost helburu nagusitan egituratutako ekintza-plan baten bidez gauzatuko dena: Prebentzioa sustatzea, detekzioa eta esku-hartze goiztiarra bermatzea, esku-hartze zuzena eta eraginkorra egitea, gobernantza partekatua eta sare-lana indartzea, eta lege-esparrua garatu eta eguneratzea.
Udalak azpimarratu duenez, "elkarlana" da proiektuaren indargunea: "Planaren garapenean eta egikaritzean Udaleko sail ezberdinetako arduradun teknikoak ari dira Mahai Teknikoan lanean. Horrez gain, Arrasateko eragile eta erakundeek osatutako Komunitate Hausnargunea funtsezkoa izaten ari da, haur eta nerabeekin egunerokoan lan egiten duten profesionalen esperientzia eta ikuspegia txertatzeko".
Estrategia, asmo hutsa baino, herriko haur eta nerabeek ingurune osasuntsu eta babestu batean hazteko duten eskubidea bermatzeko "bide-orri zehatz eta sendo bat" dela gaineratu dute.