Markel Errasti eta Enaitz Errasti: "Elkar ondo ezagutzen dugu, eta hori asko igartzen da kantxan"

Ibai Irasuegi Garai 2026ko apirilaren 28a

Markel Errasti eta Enaitz Errasti Zornotza Saskibaloi Taldeko elastikoarekin. Argazkia: Ibai Irasuegi Garai.

Denboraldi honetan iritsi dira Enaitz Errasti (2002) eta Markel Errasti (2005) lehengusu arrasatearrak Zornotza Saskibaloi taldera. Senior mailan elkarrekin jokatzen duten lehen denboraldia da aurtengoa, eta, nahiz eta zelaian eginkizun desberdinak izan, esperientzia “borobila” izaten ari dela azpimarratu dute. 

26 partidutatik 25 irabazita, Hirugarren FEB mailako ligako fase erregularra irabazi du Zornotzako taldeak. Oraindik, baina, ez ditu lanak amaitu. Bigarren FEB mailara igotzea du helburu taldeak, eta, igoera faseko partiduei aurre egiteko, buru belarri prestatzen dihardu.

Gainerako taldeen gainetik geratu zarete ligako fase erregularrean. Zein balorazio egiten duzue orain artekoaz?

E.E.: Balorazioa oso positiboa da. Denboraldi osoan zehar maila altuan aritu gara, eta 26 partidutatik 25 irabaztea ez da kasualitatea izan. Taldekideen konpromisoarengatik eta egunerokotasunean egindako lanari esker izan ditugu horrelako emaitza onak. 

M.E.: Talde honek hasieratik jarri duen helburua izan da mailaz igotzea. Oraindik ez dugu lana guztiz amaitu, baina orain arte egindakoa bikaina izan da. 

"Talde honek hasieratik jarri duen helburua izan da mailaz igotzea"

Denboraldi honetan iritsi zarete taldera bi lehengusuak. Nolakoa izaten ari da elkarrekin jokatzeko esperientzia?

E.E.: Berezia izaten ari da. Markel ni baino gazteagoa da, eta, horregatik, ez dugu elkar topo egin aurretik. Bakoitzak bere ibilbidea egin du hona iritsi arte, eta, nahiz eta txikitatik gure arteko lehia txikiak izan baditugun, elkar ondo ezagutzen dugu eta hori asko igartzen da kantxan. 

M.E.: Biok bat egin dugu, inoiz, Ointxeko azpiko kategorietan; junior mailan, bereziki. Baina aurtengoa izan da elkarrekin partiduak jokatzen ditugun aurreneko aldia, eta, esperientzia aldetik, oso ona izaten ari da. 

Biok iritsi zarete aurten Zornotzara. Nola egokitu zarete taldera?

M.E.: Oso erraza egin zaigu. Egia da talde berri batera egitea ez dela beti erraza izaten, baina bai taldekideek eta bai klubak harrera bikaina egin digute ,hasieratik. Entrenamenduetara eta egunerokora ere azkar egokitu ginen, eta nik uste dut hori izan dela gakoetako bat: giro onean entrenatzeak eta jokatzeak eragina izan du zelaian erakutsitako mailarekin.

Zuek biok entrenamenduak eta partiduak, dena, batera egiteak ere asko lagunduko zuen…

E.E.: Erabat. Beti da garrantzitsua konfiantzazko pertsona bat ondoan izatea talde berri batera heltzean, eta horrek zelaian eta zelaitik kanpo konfiantza handia eman digu. Denboraldiko une onenetan eta txarrenetan bata bestearen ondoan egon gara, eta laguntza hori oso garrantzitsua izan da une zailenetan, batez ere, aurrera egiteko. 

"Denboraldiko une onenetan eta txarrenetan bata bestearen ondoan egon gara, eta hori oso garrantzitsua izan da aurrera egiteko"

Konfiantza horrek ere balio izango zuen batak besteari belarrietatik tiratzeko ere?

M.E.: Egon dira, bai. Noizean behin haserre irten gara entrenamendu edo partiduren batetik, baina haserreak ez du denbora asko iraun. Etxera bidean irauten du haserreak, baina ez gehiago. 

Zer nabarmenduko zenukete batak bestearengatik? 

E.E.: Markelek konpromiso handia erakutsi du. Gainera, kantxan jokalari argia da; eta erasoan eta defentsan, dena ematen du, beti. 

M.E.: Kalitate horretako jokalari bat ondoan eta bidelagun izateak aukera asko ematen dizkizu jokatzeko eta entrenatzeko unean. Erasoan indargune asko dituen jokalaria da, nahiz eta, ondoren, bere ahulgunea defentsan egon (kar-kar). Hala ere, nik uste dut aurten aurrerapauso handia eman duela zentzu horretan.  

Bi une desberdinetan iritsi zineten taldera. Nolakoa izan da lehen fasea bakoitzaren ikuspuntutik?

E.E.: Nire kasuan, denboraldia nahiko ondo joan da. Hasieran, kostatu zitzaidan ulertzea entrenatzaileak zer nahi zuen. Eta ulertu dut entrenatzaileak nigandik nahi duena dela erasoan puntuak saskiratzea eta defentsan ere aurrerapauso bat egitea; nire burua gehiago estutzea. Behin hori ulertuta, nire mailak nabarmen egin du gora, eta oso pozik nago egindako lanarekin.

M.E.: Nire kasuan, taldeko jokalari gazteena naiz, eta entrenatzaileak irailean esan zidan nire behin behineko rola izango zela, jokalariak lesionatzen zirenean edota jokatu ezin zuten unean, minutu horiek aprobetxatzea eta kantxan dena ematea. Hasieran, zaila egin zitzaidan horretara egokitzea, ez jokatze hori ondo eramatea, eta, aukera nuen aldiro, ahalik eta maila altuena erakutsi behar izatea. Baina gora egin dut denboraldian barrena, eta pozik nago egindako lanarekin. 

Lehen fasea amaituta, nola dago taldea Bigarren LEB mailara igotzeko azken fasea hasteari begira? 

E.E.: Konfiantzarekin eta ilusio handiarekin. Jokalariak jakitun gara taldeak mailaz igotzeko aukera duela, eta horrek motibazio berezia sortzen du gugan. Nik uste dut prest gaudela lehiatzeko eta helburua lortzeko. Baina, fase erregularrean izandako emaitzak oso onak izan badira ere, badakigu partidu hauek ez direla batere errazak izango. 

"Jokalariak jakitun gara taldeak mailaz igotzeko aukera duela, eta horrek motibazio berezia sortzen du gugan"

Zeintzuk izango dira fase berri horretako partiduak?

M.E.: Galiziako Marin taldearen aurka jokatuko dugu maiatzeko zubian. Joan etorriko kanporaketa fase bat izango da, eta irabazleak igoera fase bat jokatuko du maiatzeko azken astean. Maringo partidua irabaziz gero, lau taldez osatutako bi multzoko torneo baterako sailkatuko ginateke. Ligaxka formatuan, lehen sailkatua mailaz igoko da; eta bigarren postuan geratzen denak mailaz igotzeko bigarren txartela jokatuko du beste multzoko bigarren sailkatuaren aurka. Hori horrela, taldearen helburua da mailaz igotzeko partidua etxean jokatzea.

Aurrera begira, zer espero duzue taldeari geratzen zaizkion kanporaketa-partiduetarako?

E.E.: Partidu oso gogorrak izango dira, oso parekatuak, eta aukera bakoitza aprobetxatu beharko dugu helburua betetzeko. Pausoz pauso joan behar gara, partidu bakoitzari bere garrantzia emanez. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak