Arrasate tentsio handiko bizitegi-eremu izendatu dute, Pasaiarekin eta Zestoarekin batera

Jokin Bereziartua Lizarazu 2026ko apirilaren 27a

Mikel Arregi, Denis Itxaso, Teo Alberro eta Maider Morras, gaur, Donostian. Argazkia: Arrasateko Udala.

Arrasate, Pasaia eta Zestoa bizitegi-merkatu tentsio handiko eremu izendatu dituzte gaur goizean Eusko Jaurlaritzaren Gipuzkoako Ordezkaritzan, Donostian, egindako agerraldian. Izendapen horri esker hiru herriek hainbat neurri aktibatu ahalko dituzte alokairuaren prezioak ez igotzeko, etxebizitza eskuragarrien eskaintza handitzeko eta etxebizitza eskuratzeko zailtasunen aurrean herritarren babesa indartzeko. Izendapen berezia gaur argitaratu da Estatu Aldizkari Ofizialean (BOE), eta bihar jarriko da indarrean. 

Arrasatek eremu tentsionatu izendapena jaso du etxebizitza-eskaria etengabe hazten ari delako, batez ere alokairuan, eta eskaintza ez delako nahikoa egiturazko aldaketa horri aurre egiteko. Azken urteetan, alokairuaren prezioa % 23,9 igo da (2017etik 2022ra) eta % 30,7 perspektiba 13 urtera zabalduz gero, lurraldeko batez bestekoen gainetik kokatuz. Alokairurako parkeak txikia izaten jarraitzen duen (% 13,9) testuinguruan gertatu da igoera hori, eta horrek eskaintzaren eta eskariaren arteko desoreka agerian utzi du.

Etxebizitzarena, eskubide bat izatetik urrun Arrasaten

Honela azaldu du egoera Arrasateko alkate Maider Morrasek gaurko agerraldian: "Udalak egindako diagnostikotik eratorritako datuek agerian uzten dute etxebizitza oinarrizko eskubide gisa bermatzetik urrun dagoela, nagusiki merkatuaren dinamiken arabera arautu baita. Adierazpen horrek mugak jarri nahi dizkie mekanismo horiei, eta tresna juridiko eta instituzionalak ezarri nahi ditu, etxebizitza herritarren zerbitzura jarri ahal izateko. Ez dugu ahaztu behar etxebizitza ezinbesteko zutabea dela bizitza duina garatzeko". 

Gaineratu dutenez, alokairuan dauden etxebizitzen kopurua % 87 hazi da Arrasaten hamarkada bat baino gehixeagoan, batez ere gazteek eta erosteko ahalmen txikiagoa duten familiek bultzatuta. Hala ere, joera-aldaketa horrekin batera eskaintza ez da behar adina hazi. Horrez gain, egituraren aldetik mugak dituen parke bat dago: etxebizitza babestua % 8,07 da, eta erabilera efektiborik ez duten etxebizitzen ehuneko handi bat dago (% 9,7); horietako askok birgaitzeko edo aldi baterako erabiltzeko beharra dute.

Horren aurrean Arrasateko Udalak hiru urterako Ekintza Plana zehaztu du, "esku-hartze integral" batekin; Esku-hartze horretan, honako alderdi hauek konbinatzen dira: etxebizitza babestu berria garatzea –1.000 etxe inguru hurrengo 15 urteetan–, dagoen parkea mobilizatzea eta gizarte-politikak indartzea. Jarduera nagusien artean, honako hauek nabarmendu dituzte: San Andres Berri edo Intxausti bezalako esparruak garatzea; lurzoru publikoak aktibatzea, Eusko Jaurlaritzarekin lankidetzan; tamaina txikiko etxebizitzak sustatzea, familia-errealitate berrietara egokituak; eta gazteentzako eta adinekoentzako zuzkidura-apartamentuak sustatzea. "Udal-titulartasuneko orube hau etxebizitza babestuak eraikitzeko da, eta Eusko Jaurlaritzarekin izandako elkarrizketetan orube hori lagatzeko prest gaudela adierazi dugu; sintonia positiboa izan da", adierazi du Morrasek. 

La Merced eraikinak ematen dituen aukerak

Planak, gainera, La Merced eraikina erosi ahal izatea aurreikusten du belaunaldien arteko zuzkidura edo dotazio apartamentuak garatzeko. Horrez gain, neurri fiskalak, alokairurako laguntzak eta esku hartzeko tresnak ere, hala nola, prezioak kontrolatzea edo etxebizitza hutsak mugitzea, metro koadroko 10 euroko kanona ezarriz. Kanon hori % 10 handituko da urteko aitorpenaren indarraldian, haren hasierako zenbatekoa hirukoiztu arte, hau da, metro koadroko 30 eurora arte. "Eremu tentsionatu izendatzeak datozen hilabete eta urteetan pixkanaka aktibatu beharko diren tresnak ematen dizkigu. Prozesu horrek elkarrizketa zuzena eskatzen du jabeekin, Arrasaten dauden ahalik eta etxebizitza huts gehien merkatuan sartzeko", amaitu du alkateak. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak