Ander Murua pilotaria omendu du Ointxe!-k

Xabier Urtzelai 2026ko apirilaren 27a

Maila nazionalera igotzeko txartela lortu duen senior mailako taldearen azken jardunaldia baliatu du klub moreak gaztetan Ointxe!-ko harrobian ibilitako Ander Murua pilotari arrasatearra omentzeko.

B serieko Eskuz Binakakoa irabazi berri du Ander Murua pilotari arrasatearrak, eta gutxik dakitena da gaztetan pilotan jokatzeaz batera Ointxe!-n ere ibili zela, saskibaloian jokatzen. Hala, klub moreak omenaldia egin dio asteburuan, senior mailako Euskadiko Txapelketan diharduen Mondragon Unibertsitateak Paduraren kontra jokatutako partiduaren atarikoan. Gainera, Arrasatekoendako aurtengo denboraldiko etxeko azken hitzordua izan da, eta moreek garaipen batekin borobildu zuten arratsaldea (99-94). Hala, klubak talde argazki ofizialak egiteko baliatu zuen hitzordua, eta motibo horiengatik guztiengatik giro polita izan zen Iturripen.

Kamiseta, 45 zenbakiaz, opari

Kategoria ezberdinetako jokalariek harrera beroa egin zioten Aspeko pilotariari, eta eurak inguratuta sartu zen Iturripeko kantxara. Jarraian kirol zuzendari Iñaki Ogara Arri-k 45 zenbakia zeraman elastikoa oparitu zion eta aurreskua dantzatu zioten segidan.

Arrasateko pilotariak egubakoitzean jokatu zuen, gainera, Uarkapen, B serieko Buruz Burukoan dabilelako murgilduta. Amianok mendean hartu zuen arrasatearra, eta Muruak maiatzaren 8an izango du txapelketan aurrera egiteko hil ala biziko partidua, Iurretan.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak