Antolatzaileen arabera, ardo apartsuen "aberastasuna, konplexutasuna eta nortasuna" hurbiltzeko pentsatutako dastatze gidatua izango da: "Saioari esker, hobeto ezagutu ahal izango dira apardun-estilo desberdinak, haiek egiteko metodoak eta erreferentzia bakoitza esperientzia bakar bihurtzen duten ñabardurak".
"Ospe handiko" etiketak
Hautaketak ospe handiko etiketa batzuk bilduko ditu, hala nola, Gramona Imperial Brut 2019-a, Gramona Innoble Brut Nature Reserva Perpetua 20-a eta Gramona III Lustros 2017 Brut Naturea, beren dotoretasunagatik, ontze luzeagatik eta aparra ulertzeko modu zorrotzagatik erreferentzia ezagunak direnak. Horiekin batera, protagonismo berezia izango dute lurraldearen balioa indartzen duten gertuko bi proposamenek: Bakion (Bizkaia) egindako Donieneko Apardune Brut Nature eta Aiatik (Gipuzkoa) datorren K5-eko Kilima Ancestral. Bi apardun horiek Euskadik horrelako elaborazioetan gero eta maila handiagoa eta berezko nortasuna duela islatzen dute, freskotasuna, izaera eta ingurunearekiko lotura zuzena emanez.
Aurreratu bezala, aparretan aditua den Toni Perezek gidatuko du dastaketa. Dastatzeko ez ezik, botila bakoitzaren atzean dagoen guztia hobeto ulertzeko ere pentsatutako jardunaldiari begirada espezializatua eskainiko dio: mahastietatik hasi eta ontzeraino, mahatsekin egindako lana, burbuila eta ardoaren azken oreka barne. Berarekin batera, Maider Larrañaga sommelier arrasatearrak hurbiltasuna eta testuingurua emango dio dibulgazioa, gozamena eta ardoaren kultura uztartu nahi dituen saioari.
Zozketa maiatzaren 12an
Ekimen honen baitan, Ibai-Artek 60 gonbidapen (30 sari bikoitz) zozketatuko ditu maiatzaren 12a baino lehen elkarteko kide diren saltokietan erosketak egiten dituztenen artean. Parte hartzeko, erosketa-tiketaren argazki bat bidali beharko da WhatsApp bidez 688 734 149 zenbakira. Telefono-zenbaki bakoitzeko tiket bakarra onartuko da. Gainera, interesa dutenek 20 euroan erosi ahal izango dituzte sarrerak Kajoi Tabernan eta Altuna Lurrindegian. 2026ko Ardo Egunak Arrasateko Udalaren eta Eusko Jaurlaritzako Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailaren lankidetzarekin. Era berean, Bastida Akademiaren lankidetza ere izango dugu dastaketa prestatu eta zerbitzatzeko.