Arrasateko Maniaks laukotearen kantu berriak dagoeneko entzungai daude sarean

Aitziber Aranburuzabala Juldain 2026ko apirilaren 27a

Maniaks taldeko Brian de Inda, Mikel Usobiaga, Asier Uribeetxeberria eta Iñaki Ormaetxea. Argazkia: Maniaks.

Paradisu faltsuak izena du diskoak, eta taldearen bigarren lana da.

Aro berri baten murgilduta dago Maniaks taldea, hirukotea zena laukote bihurtuta. Gaur egun, Iñaki Ormaetxea gitarra-joleak, Mikel Usobiaga baxu-joleak, Asier Uribeetxeberria bateria-joleak eta Brian de Inda gitarra-joleak osatzen dute taldea. "Zuzenekoetan bigarren gitarra batek ematen duen indarra faltan sumatzen genuen, eta hala igo zen Brian de Inda gure trenera. Aspaldi ezagutzen genuen elkar, eta lehenengo entsegutik konektatu genuen laurok. Sendotasuna eta presentzia irabazi dugu gitarra-jole berriaren etorrerarekin", azaldu dute taldekideek.

Laberintuak lana argitaratu zuten 2024an eta Paradisu faltsuak izenekoan bildu dituzte kantu berriak. "Iazko abenduan grabatu genituen, Arrasateko Hamarratz Musika Gunean, Mikel Arriaranekin eta Pello Herizekin, bateria, baxua eta gitarra doinuak, eta Asel Errastirekin, Aretxabaletako kuartelean, ahotsak. Nahasketa eta maste- rizazio lanak Gaztain estudioko Eñaut Gaztañagak egin ditu".

Zazpi kantu, euskaraz

Rock-and-roll eta punk-rock kutsua duten abestiak dira argitaratu berriak. "Musika estiloari dagokionez, Eskandinaviako eta Kaliforniako rockaren influentzia nabari daitekeela esan genezake, erritmo desberdinak uztartuz eta melodiarekin jolastuz. Hitzei dagokienez, aurreko lanaren bidetik, mundu honetan bizitzeak dakartzan ondorioei buruz idatzitakoak dira; esaterako, osasun mentalari eta jendearen sufrimenduari buruzkoak. Ez zaigu ateratzen gauza politei buruz berba egitea".

Oraingoz, formatu digitalean bakarrik daude entzungai, hainbat plataformatan, eta dagoeneko argitaratuta dute Beñat Abasolorekin grabatu duten Labanak kantuaren bideoklipa. "Badakigu gaur egun formatu fisikoak ez duela sostengu handirik izaten eta musika kontsumoa, batik bat, digitalki egiten dela, baina formatu fisikoan ateratzea beti izan dugu gustuko. Merchandising berriarekin laster kaleratuko dugu CDa, eta, aurrerago, formatu klasikoagoak maite dituzten horiendako, biniloa kaleratzea da asmoa".

Kontzertuak lotzen

Taldekide bat aita izan berri dela eta, "lasai" hartu gura dituzte gauzak, eta ez dute aurkezpen-kontzerturik egin, baina laster iragarriko dituzte lotzen ari diren emanaldien datak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak