Arrasateko agerraldiaren berri egungo egoeraren irakurketa eginaz bat eman du Sarek: "Euskal presoen etxeratze prozesuan, EPPK-ko 100 presoko langa gainditzea lortu dugu eta datozen egun eta asteetan aurrera urratsak ematen jarraitzea espero dugu. Hala ere, ez dago sobera 97-ko zifra hori behar bezala ulertzea. 97 horietatik 60 dira egunerokotasunean kalea zapaltzen ari diren presoak, beraz, 37 dira oraindik erregimen itxian jarraitzen dutenak, beraien zigorraren azken urteak etxean betetzeko baldintzak betetzen badituzte ere".
Azken egunetako gertakariak izan ditu hizpide, Marixol Iparragirreri eta Juan Ramon Karasatorreri erdi-askatasuna ukatu izana, kasu: "100.2 artikuluaren aplikazioa ukatzea arduraz eta kezkaz hartzen dugu. Beste behin, argudiaketa juridikotik baino mendeku logikan oinarritzen den praktika juridikoa agerian geratu da". Horren aurrean, "konponbidearen, bakearen eta elkarbizitzaren eraikuntzan" jarraituko duela adierazi du Sarek,"nahiz eta mendeku politikak gailentzen jarduten duten esparru judizial, politiko eta lobby mediatikoak izan aurrean". Era berean, Olaztiko iheslari zen Hilario Urbizu Mexikon hil izana deitoratu dute, etxetik urrun 45 urte eman eta gero.
Aurreratu dutenez, eskualde mailako batzarrak egingo dituzte datozen bi hilabeteotan,"etxerako bideak daraman norabidearen harira egin dituzten hausnarketak konpartitzeko". Ekainaren 6an Arrasaten egingo duten agerraldiari dagokionez, "aspaldian egin dugun agerraldirik garrantzitsuena" izango dela aurreikusi dute.