Hirugarren maila nazionalean jaun eta jabe dira aurten Mondrateko jokalariak. 26 partidutan 64 puntu eskuratu dituzte, eta bigarren doan Donipariri 11 ateratzen dizkiote. Liga bukatzeko lau partiduren faltan, datorren astean puntu bakarra lortuta matematikoki lortuko dute amestutako igoera.
Gaurko partidua bisitarien atezain-jokalariaren erabilera sistematikoak baldintzatutakoa izan da. Hasieratik jo dute erasora kantxan bost jokalari pilatuta, eta baloia galtzen zutenean ateratzen zen atezaina. Taktika horrekin berehala sartu du gola Usansolok, baina erantzuna ere laster batean iritsi da. Minutuak aurrera joan ahala, Mondratek neurria hartu dio aurkariari, eta atsedenaldira 4-2 joan dira aurretik etxekoak.
Bigarren zatia ildo beretik joan da. Bizkaitarrak agintzen hasi eta gol bakarrera hurbiltzea lortu dute. Baina arrasatearrek etekina atera diote baloia lapurtu eta kontraerasoan ateratzeari. Atea hutsik zegoenez, ez dute zailtasun handirik izan gol gehiago sartzeko. Azkenerako, 8-4koarekin, mailaz igotzea lortu balute bezala ospatu dute garaipena, jarraitzaileek hauspotuta.
Goleatzaileak Hugo Chinarro –hiru gol–, Ander Sanchez Txiki –bi gol–, Julen Estrella, Xabi Gorroño eta Jokin Zeziaga izan dira.
Ordubete beranduago amaitu Beti Araba eta Donipariren artekoa. Faboritoek ez dute hutsik egin eta hiru punturekin itzuli dira Pasaiara. Dena den, Mondratek datorren astean zaleen aurrean izango du beste aukera bat, gainontzeko kantxetan gertatuko denari begira egon beharrik gabe.