Muruak ezin izan du Amiano garaitu, eta finalerdietarako txartela jokoan izango du Iurretan

Ibai Irasuegi Garai 2026ko apirilaren 25a

Ander Murua, atzo, Uarkapen. Argazkia: Goiena.

Ander Muruak 17 eta 22 galdu zuen Unai Amianoren aurka. Hasiera bizia izan zuen partiduak, eta ia norgehiagoka guztian arrasatearra atzetik joan bazen ere, lehia handiko partidua izan zen sailkapen taulako lehen eta bigarren sailkatuen artekoa. Muruak ez zuen partidua irabazi, B multzoko bigarren postuan jarraitzen du. Azken partiduaren faltan, finalerdietara sailkatzeko txartela jokoan izango du Iurretan, maiatzaren 8an.

B serieko Buruz-buruko Txapelketaren bueltan, final laurdenetako ligaxkako partidu erabakigarria jokatu zen atzo Arrasateko Uarkape pilotalekuan. B multzoko lehen bi postuetan sailkatuta zeuden Unai Amiano irundarraren eta Ander Murua arrasatearraren artean jokatu zen norgehiagoka, eta 52 minuturen eta 327 pilotakaden ostean, Amianok eskuratu zuen puntua, final laurdenetako ligaxkako saririk preziatuenekin batera: sailkapen taulako lehen postua eta finalerdietan jokatzeko txartela. 

Hasiera bizia

Partiduaren hasieran norgehiagoka estua izan zen, eta hasiera horretan jokatu ziren tantorik luzeenak. Amianok 1 eta 4 hartu zuen aurre markagailuan, baina arrasatearrak azkar erantzun zuen markagailua 7 eta 5 jarriz. Erritmo handia hartu zuen partiduak atsedenaldiaren aurretik, eta Amianok markagailua berdintzea lortu zuen, 7 eta 7. Une horretan iritsi ziren irundarraren partiduko minuturik onenak, eta sakean min handia eginda eta gehiegi arriskatu gabe, markagailuan aldea ateratzea eskuratu zuen, sakean min handia eginez. 

Hori horrela, ia partidu guztian markagailuan aurretik joan zen Amiano, eta 12 eta 19 zijoazela Muruak 17 tantotara gerturatzea eskuratu bazuen ere, ezin izan zuen markagailua irauli. 

Partidu erabakigarria Iurretan

Final laurdenetako ligaxkari dagokionez, jokatutako bi partiduetatik biak irabazita, beste astebetez lehen postuan mantentzeko puntua eskuratu du Amianok. Sailkapen taulako bigarren eta hirugarren postuei irabazita, dagoeneko eskuratu du finalerdietarako txartela.

Multzoari dagokionez, finalerdiak jokatzeko beste txartela jokoan dago oraindik, hain zuzen, Murua eta Zubizarreta III. pilotarien artean. Bigarren eta hirugarren sailkatuak dira, eta elkarren aurka jokatuko dute maiatzaren 8an Iurretan. 

 

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak