Duela 125 urte baino gehiago erakundea sortu zuen San Benito Menni gogoan izan du asteon Ospitalarioak Fundazioa Euskadik Arrasaten. Izan ere gaur, apirilak 24 da jatorri italiarreko elizgizonaren eguna.
Hori horrela, eguaztenean hasi zituzten ospakizunak, Arrasateko San Juan Bataiatzailearen parrokian dagoen San Benito Menniren estatuari lore-eskaintza eginez. Berta Ospitalarioak Fundazio Euskadiko profesionalek eta pazienteek hartu zuten parte.
Gaur, aldiz, meza izan dute Arrasateko Gesalibar auzoan dagoen ospitaleko elizan.
Arrasaterekin lotura "estua"
Ospitalarioak Fundazioa Euskadik gaurko eguna baliatu gura izan du erakundeak duen dimentsioa eta eginkizuna ezagutarazteko. Hala, azaldu dutenez, osasun egoera konplexuak bizi dituzten pertsonei arreta emateko 16 zentro eta dispositibo ditu erakundeak Gipuzkoan eta Bizkaian. Gaineratu dute erakundearen historiak "lotura estua" duela Arrasateko herriarekin eta komunitatearekin eta gaur egun ere bertan garatzen duela bere jardunaren zati "garrantzitsu bat".