Eguaztenean, Arrasateko Kulturateko areto nagusian Zein da iritsi zaigun errelatua? hitzaldia eman zenuen. "Iritsi zaigun errelatua" aipatzen duzu izenburuan, baina zein da errelatu hori?
Historiografia ofizialak boterearen ikuspegitik idatzitako errelatuak kontatzen ditu gehienetan, estatu testuinguru historiko eta ideologiko batean eraikita baitaude. Hori dela eta, errelatoek Euskal Herria bi Estaturen identitateen logikan kokatzen dute, gure errealitatea ulertzeko modua baldintzatuz.
Zeinek egin ditu errelatuak?
Garai ezberdinetan eragile zehatzak egon dira: Eliza, errege-erreginen zerbitzura lan egiten zuten kronistak, Akademiak eta Unibertsitateak. Oraindik ere, gobernuak lehentasunaren arabera finantziatzen ditu ikerketa eta proiektu batzuk, eta besteak baztertu egiten ditu.
Eta zeinen bitartez eta nola iritsi zaizkigu ?
Historiaren transmisiorako baliabide nagusiak historiografia eta ospakizunak dira. Historiografia historiaren inguruan idatzitako lanen azterketa da; nola idatzi diren, zein ikuspuntu eta metodo erabili den. Hurbilketa hori garai ezberdinetan egin da. Akademikoek historiaren interpretazio eta analisi zorrotza, metodikoa, zientifikoa eta objektiboa egin beharko lukete, baina gehienetan botereen interesak defendatu dituzte. Era berean, ospakizunek, batetik interes politiko jakin batzuei erantzuten die eta bestetik etekin ekonomikoak bultzatzen dituzte. Horrela, euskal herritarren historia modu partzialean eta sinplifikatuan transmititzen da. Gatazka sor dezaketen elementuak baztertu egiten dira. Gurean lurraldetasunaren auzia gatazkaren muinean dago. Guzti honetan hedabideek ere bere lekua hartzen dute.
"Orain arte erdaraz eta borondate politiko gabeko herri bat bezala irudikatu gaituzte"
Zergatik iritsi zaigu errelatu hau, eta ez beste bat?
Iritsi zaigun errelatua eraikuntza interesatu bat da. Errelatu hori iritsi zaigu botere-egiturak eta hautu ideologikoek bidea markatu dutelako. Botereak bere burua legitimatzeko erabili duen tresna da. Historia modu teleologikoan kontatzen dute, Espainia eta Frantzia estatu unitario gisa. Zentzu horretan, Euskal Herriko memoria historikoen berreskurapena, nortasun politikoa eta kulturala oztopoak dira. Menderatzaileen errelatua iritsi zaigu. Herriari historia ulertzeko tresnak kendu dizkiote eta besteen begiradaren bidez definitzera behartzen gaituzte. Beste errelatu bat ez zaigu iritsi gure begiradak zehazten duelako gure botere-harremana iraganarekin eta aldi berean etorkizunarekin.
Eta, Euskal Herriak zein erantzun eman dio begirada horri?
Euskal Herriak mendeetan zehar bere nortasuna defendatzeko gaitasuna erakutsi du. Euskara da gure konplizea, baina ez da bakarra; sozializatzeko era bat dago, eta gizarte horrek historian zehar egitura politikoa behar izan duenean funtsezkoa izan da beretzat. Eta, gauzatzen saiatu da; lehendabizi talde bat osatuz (Baskoiak), gerora Europako egiturara moldatutako erreinu bat sortuz, eta etapa ezberdinetan konkistatuak izan ondoren independentzia aldarrikatuz. Gertaera ezberdinek askatasunaren borondatearen memoria utzi dute eta funtsezkoak izan dira Euskal Herriaren narratiba lantzerakoan.
Guk zein errelatu utziko dugu?
Orain arte erdaraz eta borondate politiko gabeko herri bat bezala irudikatu gaituzte. Hala ere, azken hamarkada hauetan lan bikainak egin dira. Ekarpenak batzutan beste disziplinetatik iritsi zaizkigu, arkeologiatik adibidez, baina erantzun zientifikoa izan beharko luketenek badirudi karga politiko handiegia dutela. Historian ere oso lan onak argitaratzen ari dira, guztiz dokumentatuak. Baina, askotan, ez datoz akademiatik eta ez dira aintzat hartzen. Esperantza daukat poliki-poliki paradigmaren aldaketa gauzatuko dela eta Historiaren narrazio burujabea, integrala, irekia, dekoloniala, hiztegia zehatza duena, anitza eta ekarpen berriei irekita egoteko gauza izango garela.