Nola azalduko zenuke zer egiten duen ekoizle batek?
Ekoizlearen lana da gidoia errealitate bihurtzea. Hau da, istorio edo ideia bati bizia ematea, eta hori posible egiteko behar diren baliabide guztiak lortzea. Prozesua, normalean, ideiarekin edo gidoiarekin hasten da: hortik abiatuta, proiektua definitzen duen materiala sortzen dugu, bai ikuspegi artistikotik, bai ekonomikotik. Gure inguruan, askotan kontrakoa pentsatzen den arren, ekoizleak ez du bere dirua jartzen; proiektua aurrera ateratzeko finantzaketa bilatzen dugu, iturri publiko zein pribatuetatik.
Noiz esan zenuen "ekoizpena da nire tokia"?
Egia esan, oraindik ez dut hori esan. Urtetik urtera gusturago nabil, baina mundu oso zabala da eta nire lekua pixkanaka aurkitzen ari naiz. Mondragon Unibertsitatean Ikus-entzunezko Komunikazioa amaitu, eta urte berean grabaketa bat egon zen Arrasaten, Érase una vez en Euskadi. Bertan lan egiteko deitu zidaten, eta orduan konturatu nintzen zinemaren inguruko industria gustuko nuela. Sei urte geroago, hainbat lanpostu probatu ondoren, bide egokia aukeratu nuela esan dezaket… baina oraindik badut bidea egiteko.
Zer da zailena ekoizpen batean: plangintza, koordinazioa ala ezustekoak kudeatzea?
Hirurak oso lotuta daude. Plangintza eta koordinazio onak badaude, ezusteko gutxiago egoten dira. Beraz, nik ordena honetan jarriko nituzke: lehenik, plangintza ona; gero, koordinazioa, eta horrela ezustekoak minimizatzen dira. Hala ere, hirurak dira ezinbestekoak.
Inoiz gertatu zaizu dena ondo planifikatuta egon arren egunean bertan guztia aldatzea?
Filmaketan gutxitan, zorionez. Lantalde handia dago, eta, normalean, A, B eta C planak prest izaten ditugu. Hala ere, noizbait gertatu zaigu: auto bat matxuratzea eszena erdian, bateriarik gabe, aktoreren bat lo… Momentuan moldatu behar izaten dugu plana, eta ekoizlearen baimena behar da, normalean; batez ere, kostu gehigarririk badakar.
Zer da ekoizpen batean ikasi duzun gauzarik gogorrena?
Niretzat gogorrena da sortzaile bati esatea bere istorioa ez dela "saltzeko modukoa". Ekoizpena negozio bat da; ez du esan nahi gidoia txarra denik, baizik eta une horretan merkatuak ez duela hori eskatzen.
Zein momentuk ematen dizu asetasun handiena?
Aurreprodukzioko azken asteak. Presio handia egoten da, eta presiopean lan egitea asko gustatzen zait; momentu horietan ateratzen dut nire onena.
Ba al dago bereziki markatu zaituen proiekturik?
Bai; Maixabel filmaren prestaketan eta grabaketan parte hartu nuen, Kowalski Filmsen. Han Koldo Zuazua eta Guadalupe Balaguer ezagutu nituen, eta konturatu nintzen ekoizleen lana zein garrantzitsua den. Botereak dituztela iruditu zitzaidan: proiektu osoa buruan, edozein zalantzari momentuan erantzuteko gai… ikusgarria.
Zein da jendeak ikusten ez duen baina zure lanaren %80 dena?
Jendeak pentsatzen du zinema ekoiztea glamour handikoa dela, baina errealitatea bestelakoa da. Nire lanaren %80 finantza eta kudeaketa kontuekin lotuta dago: diruari buruz hitz egin, kalkuluak, kontratuak aztertu…