Bost jardunaldi falta direla, zapatu honetan etxean jokatuko duten partidarekin matematikoki igoera ziurtatzeko aukera izango dute, nahiz eta talde barruan badakiten aukerak ez direla errazak. Zapatuan, igoera baieztatuko balitz, ospakizuna ez litzateke ohikoena izango; izan ere, Mondrateren partida amaitu ostean, beste zelai bateko emaitzaren zain egon beharko lukete, une horretan jakingo bailukete kategoriaz igo diren ala ez. Ligako bigarren sailkatuak, Doniparik, huts egin beharko luke –galdu edo, gutxienez, berdindu–, eta, hori gertatu daitekeen arren, datorren asteburuan igotzeko itxaropena dutela aitortu dute. "Ez dugu igoera deskafeinaturik nahi, gorenetik ospatzea gustatuko litzaiguke", dio Iker Uribesalgo jokalariak.
"Ez dugu igoera deskafeinaturik nahi, gorenetik ospatzea gustatuko litzaiguke"
Zapatuko partidua irabazteko konfiantza osoa du Mondratek. Aurkaria, UFS Usansolo, sailkapeneko behealdean dago, hamalaugarren postuan, mailari eusteko lehian. "Printzipioz, %95ean guk irabazi beharko genuke. Erritmoan, fisikoan eta jokoan nagusi gara", dio Uribesalgok.
Denboraldi borobila
Denboraldi honetako arrakasta, neurri handi batean, egonkortasunean eta egindako aldaketetan dago. Mondratek urteak daramatza igoeraren atarian gelditzen, baina aurten pausoa eman du. "Gure jokatzeko modua aldatu egin dugu, eta emaitzak hor daude: bost jardunaldi falta dira eta 61 puntu ditugu, inoiz ez bezala", argitu du jokalariak.
Aldaketaren giltzetako bat entrenatzaileetan egon da. Arkaitz Riberak, aurretik lau urtez bigarren entrenatzaile izan ondoren, taldearen gidaritza hartu du aurten, eta Jokin Vazquez batu zaio, laguntzaile. Bi entrenatzaileek bultzada eman diote taldeari, bai jokoaren ulermenean bai motibazioan. "Oso garrantzitsua da animoak ematen jakitea gauzak ez direnean ondo ateratzen, eta hori asko nabaritu dugu", dio Uribesalgok.
Bi entrenatzaile berriek bultzada handia eman diote taldeari: indarra eta konpromisoa
Taldeak, oro har, antzeko egitura mantendu du, nahiz eta Gasteiztik etorritako Mikel Moreno jokalariaren eta Arrasateko Iñaki Rivasen ekarpena nabarmena izan den. Atezain berria ere badute, Elvis Cayllahua. Sendotasuna eta erregulartasuna izan dituzte alde. Bi partida besterik ez dute galdu denboraldi osoan, biak Aguraingo Oriamendiren aurka eta gol bakarreko aldearekin. Ondorioztatu dute arabarren joko estiloa dela taldea "nahasten" duena; izan ere, oilarren kontra ez dute hutsik egin.
Areto futbola kirol psikologikoa dela azpimarratzen dute barruan. "Nagusi izan zaitezke partiduan, baina azken minutuetan oso zaila da markagailua iraultzea. Guk, ordea, askotan lortu dugu buelta ematea eta puntuak etxera ekartzea", azaldu du Uribesalgok.
Joan den denboraldian klubaren historiako punturik gorena lortu zuten, eta aurten marka hori gainditzeko bidean dira, abantaila nabarmenarekin: "Aurten, sinetsi dugu gai garela". Mondratek eskura du azken urteetan ihes egin dion helburua, eta, dena ondo bidean, asteburu honetan edo datorrenean iritsiko da merezitako ospakizuna.