Apirila hilabete berezia izan ohi da AGAKOrentzat, eta aurten ere hala izaten ari da. 35. urteurrena ospatzeko egitaraua paintball jarduerarekin abiatu zuten hilaren 11n. "Nahiko ondo joan zen. Asanbladako kideez gain, beste herritar batzuk ere elkartu ginen. Espektatibak bete genituen eta goiz polita pasa genuen", azaldu du asanbladako kide Luken Ormaetxeak.
Eguazten honetan, halaber, espeleologia irteera egin dute eta bihar, zapatua, egun handia izango dute: AGAKO Eguna. "Oso egun inportantea da guretzat. Ahal izan dugun egitarau interesgarriena eta zabalena prestatu dugu. Gazteok batzeko, urteurrena ospatzeko eta komunitate politikoa zein gaztetxearen bueltako komunitate hori guztia indartzeko baliatuko dugu".
Hitzaldi batekin abiatuko dute eguna, 11:30ean, gaztetxean egingo dutena. "Maiatzaren 29an eta 30ean Euskal Herriko Gaztetxe eta Gazte Asanbladen Topaketak egingo dituzte Elorrion eta hori aurkezteko erabiliko dugu saioa. Topaketen beharraz hausnartuko dugu, baita gaztetxe zein gazte asanbladen inguruan ere".
Gazte asanbladen loraldia
Azken lauzpabost urteetan gaztetxe eta gazte asanbladen mugimenduak indarra hartu duela uste du, "loraldi bat" bizi izaten ari dela. "Debagoienean ere, Aramaion, Elgetan eta Bergaran gaztetxe berriak eta asanblada berriak sortu dituzte. Euskal Herriko testuinguru orokorraren isla dela esango genuke eta AGAKOk hori poztasunez hartzen du. Izan ere, uste dugu gaztetxeak badirela erremintak gauzak beste modu batean ulertzeko, proiektu eraldatzaileei ekarpena egiteko, gazteok batzeko eta herrian politika egiteko".
Asanbladen arteko saretzea "funtsezkotzat" jotzen du. "Hortara datoz, esaterako, Elorrioko topaketak. Guretzat oso garrantzitsua da inguruko gaztetxe eta gazte asanbladekin saretzea, ulertuta antzeko norabide batean joan behar dugula guztiok".
Txaranga, etxekoa
Bazkaria gaztetxean bertan izango da, 15:00retan, eta tiketak salgai daude oraindik, Osorik tabernan, hamar eurotan.
Ondoren, 20:00etan, txaranga izango da. "Gaztetxearen bueltan dabiltzan musikariek osatzen dute txaranga. Txarangak gaztetxean bertan egiten ditu entseguak baina, horrez gain, haien aisialdia eta jardun politikoa gaztetxean egiten dute. Abenduaren 31an, adibidez, kalera irtetea erabaki zuten, gaua girotzeko asmoz".
Azkenik, 22:00etan, 48280 taldearen kontzertua eta Zutik erromeria egongo dira gaztetxean, eta gaua pintxada kolektiboarekin amaituko dute.
Parte hartzeko deia
Herritar guztiak gonbidatu gura dituzte AGAKO Egunean parte hartzera eta gogorarazi dute gaztetxeko ateak "beti" daudela zabalik "edozer gauza antolatzeko edota laguntzeko". Horrez gain, asanbladara batu gura duenarentzat ere ateak zabalik izango dituztela adierazi dute. "Egubakoitzetan elkartzen gara, 20:00etan, gaztetxean".
Lanean jarraituko dute
Aurrera begira, AGAKOk lanean jarraituko duela dio Ormaetxeak. "Elorrioko topaketei begira buru-belarri dihardugu dagoeneko; ekainean, pintxo-poteak antolatuko ditugu eta udan hainbat egitarau antolatzeko asmoa ere badugu", zehaztu du.