'Tratado de invisibilidad' dokumentala proiektatuko dute Amaia Antzokian martitzenean

Olaia Milikua 2026ko apirilaren 23a

'Tratado de invisibilidad' dokumentalaren une bat.

Garbiketa sektorean lan egiten duten emakumeen egoera tratatzen da dokumentalean. Emanaldiaz gain, solasaldi bat egingo dute "bertatik bertara egoera ondo ezagutzen duten bi emakumerekin".

Datorren martitzenean, apirilaren 28an, Tratado de Invisibilidad dokumentala eskainiko dute Amaia Antzokian, 19:30ean. Lucia Kaplanak zuzendutako ikus-entzunezkoak Amnesty International Saria eskuratu zuen Donostiako Giza Eskubideen Zinemaldian, eta epaimahaiaren iritziz, "filmak agerian uzten du, zorroztasun estetikoz eta zinema-maila handiz, emakume horien esplotazio egoera eta euren eskubideen urraketa". 

Harreman Denda eta Harreman GKEren ekimena izan da, Arrasateko Emakume Txokoa, Arrasateko Udala eta Amnesty Internationalaren laguntzarekin, "emakume langile ikusezinak ikuserazteko". Dokumentalaren proiekzioaz gain, zine-foruma ere izango da, "bertatik bertara egoera ondo ezagutzen duten bi emakumerekin". Izan ere, Marisa Palomok eta Carmen Herrerok, Gipuzkoako garbiketa sektoreko ordezkari sindikalek, garbiketako langileen baldintzei buruz hitz egingo dute. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak