Optimizazio energetikoari buruzko jardunaldia egin dute Garaian

Eneko Azurmendi Barrena 2026ko apirilaren 22a

Optimizazio energetikoari buruzko jardunaldia egin dute Garaian.

Gas eta elektrizitate fakturen optimizazioari buruzko jardunaldia egin dute, Debagoieneko Mankomunitateak antolatuta, Garaia Parke Teknologikoan, parkeko eta inguruko enpresei zein herritarrei zuzenduta.

Jardunaldiaren helburua izan da enpresek eta pertsonek energia-fakturen ulermena hobetzea, baita kontsumoa eta kontratazioa optimizatzeko dauden aukerak ezagutaraztea ere, antolatzaileen esanetan. "Merkatu arautuaren eta merkatu librearen funtzionamendua azaldu da, eta gasaren zein elektrizitatearen kasuan merkatu eta banatzaile ezberdinen inguruko gomendioak eman".

Halaber, faktura elektrikoaren "azalpen zehatza" eman dute, haren irakurketa eta interpretazioa errazteko diseinatutako txantiloi baten bidez. "Saioak ikuspegi praktikoa ere izan du, bertaratutakoek euren fakturak berrikusi eta zalantza zehatzak planteatzeko aukera izan baitute".

Azkenik, egunerokoan energia-eraginkortasuna hobetzeko gomendioak helarazi dituzte, bai enpresa-esparruan bai etxe-mailan, "kontsumoaren kudeaketa eraginkorragoa sustatzeko helburuarekin".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak