Arrasateko zabor-tasa "Gipuzkoako garestienetakoa" dela salatu du EAJk

Jokin Bereziartua Lizarazu 2026ko apirilaren 21a

Arrasateko jeltzaleen bozeramaile Ander Garay, Seber Altube plazako edukiontzi-gunean. Argazkia: Arrasateko EAJ.

Arrasateko EAJK salatu du arrasatearrek ordaintzen duten zabor-tasa "oso garestia" dela, eta jeltzaleen arabera, arrazoia "argia" da: "Arrasaten atez ateko sistema ordaintzen ari gara, Oñatin eta Antzuolan erabiltzen dena, eredu garestiagoa eta ez hain eraginkorra. Hondakinen kudeaketaren kostu osoa berdin banatzen da herri guztietan, eta horrek esan nahi du arrasatearrok gehiago ordaintzen ari garela emaitza hobeak ematen ez dituen sistema batengatik", esan du jeltzaleen eledun Ander Garayk. 

Jeltzaleek helarazitako prentsa oharrean diote, besteak beste, Arrasateko etxe bakoitzeko 161,76 eurorekin, Gipuzkoako tasarik handienetako bat duela Arrasatek. Kontrara, diote, Beasainen adibidez, non edukiontzi adimendunen sistema bat erabiltzen den, etxeek 143,61 euro ordaintzen dute, %12 gutxiago. Aldea are handiagoa da dendetan eta ostalaritzan, EAJren arabera: Beasainen, saltokiek 346,23 eurotik gora ordaintzen dute, eta Arrasaten, berriz, 514,20 eurotik gora, %33 gehiago; eta ostalaritzan, aldea %14koa da, Beasainen 589,87 eurokoa eta Arrasaten 685,06 eurokoa. "Ez du zentzurik merkeagoak eta eraginkorragoak diren beste batzuk baino hobeto funtzionatzen ez duen sistema batengatik gehiago ordaintzen jarraitzeak. EAJk gobernatzen duen Beasainek dagoeneko erakutsi du beste sistema batekin berdin edo hobeto birzikla daitekeela. Bada garaia pausoa emateko eta edukiontzi adimendunak hartzeko Arrasaten eta Debagoiena osoan", esan du Garayk.

EAJk uste du unea dela EH Bilduk gobernatzen duen Debagoieneko Mankomunitateak Antzuolako eta Oñatiko hondakinen bilketa sistema birplanteatzeko, eta aurrera egiteko edukiontzi adimendunen sistema bateratu batera eskualde osoan, kostuak murrizteko eta eraginkortasuna hobetzeko.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak