Beste urte batez, PTGaraiak Garaia Investors ekimena antolatu du; Ikerlan, Mondragon Ventures, Mondragon Goi Eskola Politeknikoa, Mondragon Enpresagintza, Gaztenpresa, Galbaian eta A+G erakundeen laguntzarekin. Ekimenak aukera emango die hautatutako startup-ei euren proiektuak aurkezteko adituen epaimahai baten, inbertitzaileen, eta ekintzailetza ekosistemako eragileen aurrean, konexioa, ikaskuntza eta aukera berriak sustatuz.
Parte-hartzea
Deialdia sektore guztietako startup eta ekintzaileei zuzenduta dago, baldin eta proiektu berritzaileak garatzen ari badira, hasierako faseetan badaude (balidazioa, garapena, hazkundea), eta gehienez lau urteko antzinatasuna badute. Aurreko edizioetan parte hartu duten startup-ek, aurrerapen nabarmenak izan badituzte, berriro aurkezteko aukera izango dute. Parte hartzen duten startup guztiek mentorizazioa, finantza-kudeaketako tailer praktikoa eta sare publiko zein pribatuetarako sarbidea izango dute.
Interesdunek proiektuaren eta taldearen oinarrizko informazioa, deskribapen laburra, pitch deck-a eta aukerako bideo bat aurkeztu beharko dituzte PTGaraiaren kanal ofizialetan. Startup eta proiektuen izen-ematea maiatzaren 4ean itxiko da, eta publikoarentzako izen-ematea, berriz, maiatzaren 15ean.
Sariak
Pitch onena A+G Consultoresen mentorizazioarekin (1.500 eurotan baloratua), Galbaianen Sokalagun programarako sarbidearekin (2.600 eurotan baloratua), PTGaraiako coworking gunean urtebeteko lan-espazioarekin eta bere komunikazio-kanaletan zabalkundearekin (2.500 eurotan baloratua) sarituko da.