Desorekako hiru judoka Mallorcara bidean dira, Espainiako Txapelketan lehiatzeko

Koldo Zubia Salas 2026ko apirilaren 17a

Desoreka Klubeko judokak, Euskal Federazioak prestatutako stage-an. (Argazkia: Desoreka)

Desoreka Judo Klubak hirugarren urtez izango du ordezkaritza Eskola Mailako Espainiako Txapelketetan. Duela bi urte, klubeko sei kirolari sailkatu ziren lehiaketa horretarako; iaz, kirolari bakarra joan zen; eta asteburu honetan, Desorekako hiru mutil joango dira, euskal selekzioarekin, Mallorcan jokatuko den txapelketara.

Beñat Ovejerok (-73 kg), Jokin Hurtadok (-50 kg) eta Alain Garmendiak (-38 kg) bidaiatuko dute bertara, eta eurekin joango da Markel Urrutia entrenatzailea. "Garmendia infantiletan lehiatuko da; Ovejero eta Hurtado, aldiz, kadeteetan. Horrelako herri txiki batentzat sekulakoa da hiru kirolari sailkatzea; gainera, hori lortu dugun laugarren aldia da. Azken hiru urteetan, urtero sailkatu da klubeko norbait, eta oso pozgarria da hori", dio Urrutiak. 
 
Garmendiak estreinaldia izango du txapelketan; infantil kategorian lehenengo urtea du, eta bigarren urtekoen aurka Gipuzkoako eta Euskadiko txapeldun izatea lortu du. "Kirolari gaztea baina judo asko duena" dela esan du Urrutiak. Ovejerok lehenengo urtea du kadeteetan; Euskadiko rankingeko lehenengo postuan dago, eta Gipuzkoako Txapelketa irabazi du; iaz, gainera, brontzea eskuratu zuen Eskolarteko Espainiako Txapelketan. Hurtado, aldiz, 55 kilokoen mailan lehiatu da; baina entrenatzailearekin hala erabaki ostean, Espainiako txapelketa 50 kilokoen kategorian lehiatuko da.
 

Diziplina anitzeko prestakuntza

Kirol talde gaztea da Desoreka Judo Kluba; 2013an sortu zen eta judo pedagogikoa dute ardatz. Urrutiak dioenez, judoa oinarri hartuta "formatzea" da helburua; izan ere, judoka izateaz gain, Hezkuntzan graduatua da Urrutia. Horregatik, duela urte batzuk, diziplina anitzeko prestakuntzaren aldeko apustua egin zuten klubean: samboa eta jiu-jitsua txertatu zituzten. Ikaskuntza-aukerak zabaltzea, ikuspegi teknikoa aberastea eta gazteei kirol-eszenatoki gehiagotan lehiatzeko eta hazteko aukera ematea da helburua. 
 

Instalazio berrien beharra

Horiek guztiak posible izateko, ordea, entrenatzeko espazioa behar da. Gaur egun, Musakolako kiroldegian, Erguingo eskolan, Bergarako Aranzadi eskolan eta Aretxabaletako kiroldegian entrenatzen da taldea. "Teknifikazioko entrenamenduak Arrasaten egin beharko genituzke; instalazioen egoerak ez du hori ahalbidetzen", dio Urrutiak. Horregatik, Iturripeko kiroldegia prestatu bitartean, laguntza eskatu dio Udalari: "Egokitzapen txikiekin gauza handiak lor daitezke". 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak