Belaunaldien arteko harremanak sustatzeko topaketak egingo dituzte Arrasaten

Olaia Milikua 2026ko apirilaren 17a

Arrasateko Udala Belaunaldi arteko harremanak proiektua garatzen ari da ikasturte honetan zehar, "adin-aurreiritzien inguruko jarrera aldaketa sustatzeko eta belaunaldi ezberdinen arteko loturak estutzeko". Adin ezberdinetako kideek hartuko dute parte proiektuan. Topaketak apirilaren 24an hasiko dira. 

Arrasateko Udal Biblioteka, Udal Hezkuntza eta Gazteria Sailak eta Bizipoz Kooperatibak lagunduta, Belaunaldi arteko harremanak izeneko belaunaldi ezberdinen arteko topaketak antolatu ditu Arrasateko Udalak. Proiektuaren bidez, Atarteako, Iturbide Egoitzako, Aita Menniko eta Sasolbideko kideen bizi-esperientziak, eta Arrasate Herri Eskolako eta Arizmendi Ikastolako Lehen Hezkuntzako hirugarren mailako ikasleen naturaltasuna eta ikuspegi irekia uztartu nahi dituzte, adin desberdinetako pertsonak uste baino antzekoagoak direla erakusteko. 

Topaketak apirilaren 24an, egubakoitza, hasiko dira Kulturateko haur eta gazte bibliotekan. Proiektuari amaiera emateko, maiatzaren 7an, eguena, saio berezi bat egingo dute Areto Nagusian. Azken topaketan, ikasleek eta nagusiek berriz ere bat egingo dute bizi izandako esperientziak eta prozesuan zehar ikasitako guztia elkarrekin partekatzeko. 

Informazio gehiago behar izan ezkero, interesadunek Udal Bibliotekara eta Bizipoz elkartera jo dezakete. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak