Zuztarrak Errotuz taldeak bi hitzaldi egingo ditu datozen asteetan

Ibai Irasuegi Garai 2026ko apirilaren 16a

Zuztarrak Errotuz taldeak antolatutako hitzaldietako bat, 2021ean.

Arrasateko Zuztarrak Errotuz taldeak bi hitzaldi antolatu ditu apirilerako. Euskarazko eta gaztelerazko hitzaldi bana izango dira, apirilaren 22an eta 29an.

Datorren eguaztenean, apirilak 22, Zein da iritsi zaigun errelatua? izeneko hitzaldia egingo dute Kulturateko areto nagusian. Arratsaldeko sei eta erdietan hasiko da saioa, eta Historia doktore Idoia Arrietak gidatuko du. Hitzaldiak bi helburu izango ditu: batetik, garai askotariko historiografia ofizialak eta euskal herritarren kontakizuna nola eraiki den aztertzea; eta, bestetik, ospakizun historiko batzuen atzean dauden arrazoi politikoak azaltzea. Izan ere, Arrietaren arabera, Euskal Herriaren historiaren gainean sortu diren errelatoek "errealitatea ulertzeko modua baldintzatu dute, eta, horrenbestez, era sinplifikatuan transmititzen da euskal herritarron historia".

Bertan, historiografia ofizialak boterearen ikuspegitik idatzitako errelatoen eragina azpimarratzen du Historian doktoreak: "Antolatzen diren ekitaldiek diskurtso politiko hegemonikoari forma emateko eta nortasun kolektiboa moldatzeko balio dute. Horrela, gatazka sortu dezaketen elementuak baztertu egiten dira gurean, lurraldetasunaren auzia muinean dagoela kontuan hartu gabe ".

Monteanoren hitzaldia

Bigarren hitzaldiari dagokionez, Peio Monteano idazle eta historialari atarrabiarrak Los navarros que España no pudo conquistar hitzaldia egingo du hilaren 29an. Kulturateko areto nagusian izango da baita ere, arratsaldeko sei eta erdietan.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak