'Ongi etorri' ekitaldia antolatu du Arrasateko Udalak "herritar berriei harrera egiteko"

Mirari Altube Arrese 2026ko apirilaren 16a

Azken urtean herrian erroldatu diren bizilagunei harrera egingo diete datorren domekan, apirilaren 19an, Biteri plazan egingo duten ekitaldian; 13:00etan izango da. Zazpi urteko etenaldiaren ondoren berreskuratuko da Udaletik adierazi dutenez, azkenekoz 2019an ospatu zelako.

Helburu nagusia da 2025ean Arrasatera iritsitako bizilagunei harrera egitea, ongi etorria ematea eta aitortza egitea. Maider Morras alkateak eta herriko hainbat eragilek egingo diete ongi etorri hori, hain zuzen ere. "Ekitaldiak aitortza instituzionalaz gain, esparru bat eskainiko du herriko kolektibo eta gizarte erakunde desberdinak ezagutarazteko eta herritar berriak horietan parte hartzera gonbidatzeko". Musikarekin girotuko dute aitortza unea eta luntxa ere egongo da bertaratutako guztientzat amaieran.

Elkarte eta eragileekin elkarlanean

Ongi etorri izena jarri dioten ekitaldia Udalaren eta herriko hainbat eragileren artean sortu dute, "komunitatearen indarra eta konpromisoa" agerian utzita. Antolakuntzan parte hartu duten eragileak honako hauek dira: AED; SOS Arrazakeria; Txatxilipurdi elkartea; Saharar elkartea; Ekin Emakumeak elkartea; Lore Gazteak dantza taldea; Txikitxu Arrostaitz dantza taldea; IMME elkartea; Amerika elkartea; eta Udal euskaltegia.

Udaletik adierazi dute Arrasatek "herri abegitsu eta parte-hartzaile" gisa duen izaera indartu nahi dela, "zazpi urteko hutsunearen ondoren harrera instituzionalari bultzada berri bat" emanda.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak