Ekimena Arrasateko Udalak eta SOS Arrazakeria Gipuzkoak, elkarlanean, jarri dute martxan. Saio informatiboak izango dira, atzerritartasun-araudiaren inguruko informazio fidagarria helarazteko. Lehenengo saioa apirilaren 20an, 18:30ean, Kulturateko Areto Nagusian izango da. Saio honetan, June Davila izango da hizlari, SOS Arrazakeria Gipuzkoako aholkulari juridikoa. Saioa irekia da, eta interesa duen pertsona orori dago zuzenduta.
Ezohiko erregularizazioa gai nagusia
Aurtengo programak garrantzi berezia emango dio Espainiako Estatuak iragarri berri duen ezohiko erregularizazioari. Lehenengo bi saioak prozedura honi buruzkoak izango dira: lehenengo saioan, gako nagusiak emango dira; eta bigarrenean, aplikaziorako eduki praktikoa eskainiko da. Antolatzaileen helburua informazio zehatza eta baliagarria eskaintzea da, gai honen inguruan egon daitezkeen zalantzak argitzeko.