Udalak Udaltzaingoaren bidez ezarriko duen sistema berri honen helburu nagusia da gaur egun kale horietan dauden pibote fisikoak kentzea, azkenaldian arazo eta matxura ugari sortu dituztelako.
Udala: "Ez dira ohiko bideo-zaintza kamerak"
Udalak "bereziki" azpimarratu nahi du instalatuko diren gailuak matrikula-irakurgailu espezifikoak direla: "Ez dira herritarrak grabatzeko ohiko kamerak; horien funtzio bakarra ibilgailuen matrikulak detektatzea eta irakurtzea da, aparkaleku askotan dagoeneko erabiltzen diren irakurgailuen modura. Horrela, pribatutasuna bermatzen da, gailu hauek soilik trafikoaren kontrolerako eta baimenak egiaztatzeko erabiltzen baitira".
Sistema berriak, "hainbat onura"
Udalaren arabera, honako hauek dira abantaila nagusiak: lehenik, segurtasuna eta eraginkortasuna; larrialdi zerbitzuen (anbulantziak, suhiltzaileak...) erreakzio-denbora gutxituko da, piboteak jaisteko itxaron beharrik ez dutelako izango. Bigarrenik, matxurak ekiditea; pibote fisikoek sortzen dituzten arazo teknikoak eta horiek konpontzeak dakartzan eragozpenak desagertuko dira. Eta, hirugarrenik, oinezkoentzako gunea indartzea; alde zaharra oinezkoentzako benetako gune bilakatuko da, ibilgailuen sarrera eta bertan emandako denbora modu automatikoan kontrolatuko delako.
Alde zaharrean, eta maiatzerako
Guztira, honako gune hauetan kokatuko dira matrikula-irakurgailuak: Maalako errabala, Gazteluondo kalea, San Frantzisko kalea, Erdiko kalea, Arrasate pasealekua, Mitarte kalea, Olarte kalea (Arbolapeta) eta Zerkaosteta kalea. Lanak maiatzean zehar egitea aurreikusten du Udalak, eta indarrean jarri baino lehen bizilagunekin edota banatzaileekin lanketa egingo da sistema berrira egokitzeko epea ezarriz. Gaineratu dutenez, sistema berri honek indarrean dagoen datuen babeserako legedia "zorrotz" betetzen du, eta informazio guztia enkriptatuta gordeko da.