Eider Gutierrez: "Lehiaketetan lasai egoten naiz, eta hori garrantzitsua da emaitza onak lortzeko"

Ibai Irasuegi Garai 2026ko apirilaren 15a

Eider Gutierrez Euskadiko Txapelketan, kontzentratuta, proba estatikoa egin aurretik. Argazkia: E.G.

Euskadiko Apnea Txapelketa irabazi zuen Eider Gutierrezek (Arrasate, 1976) martxo erdialdean. Oraingo asteburuan, Espainiako Txapelketa jokatuko du Elxen, eta bere une onenean ez dagoela adierazi badu ere, "ilusio handiarekin" dagoela dio. Sei urte jarraian daramatza Euskadiko txapelketa irabazten, eta Espainia mailan ere emaitza onak lortu izan ditu apnea estatikoan.

Nola joan zen Euskadiko txapelketa?

Ondo, egindako lanarekin gustura. Egia esan, marka hobeak egin ditzaket, baina nire marka pertsonalak gainditzera baino, urrea eskuratzera joan nintzen, nire burua gehiegi ez estutzeko.

Orain, hurrengo erronka izango da Elxen jokatuko den Espainiako txapelketa. Nola ikusten duzu zure burua?

Ilusioa dut, baina egia esan aurten ez nago nire mailarik onenean. Badakit ez ditudala nire marka onenak gaindituko; izan ere, iaz Gasteizen jokatutako Espainiako txapelketan maila oso onean lehiatu nintzen. Dena dela, aurten lehenengoz masters sari estraofizial bat egongo da, eta horrek ere motibatzen nau.

Ze helbururekin joango zara Elxera?

"Taldearentzat ahalik eta puntu gehien eskuratzea eta denborari dagokionez minimo batzuk betetzea da nire helburua"

Taldearentzat ahalik eta puntu gehien eskuratzea eta denborari dagokionez minimo batzuk betetzea da nire nahia. Azkenean, taldeak mistoak dira, eta Euskadiko taldeko emakume bakarra naizenez, nik lortutako puntuak oso garrantzitsuak dira.

Zein da zure indargunea?

Lehiaketetan lasai egoten naiz, eta hori oso garrantzitsua da emaitza onak lortzeko. Baliteke ez egitea aparteko markarik, baina norberaren markak baliozkoak izateko lasaitasuna erakutsi behar da proba amaitu ondoren. Askotan gertatzen da txapelketetan mugak gainditu nahian gehiegizko esfortzua egitea eta, saiakera egin ondoren, laguntza behar izatea. Zentzu horretan, nire mugak eta gorputza ongi ezagutzen ditut, eta horrekin joango naiz Espainiako txapelketara puntuak ziurtatzera.

Nolakoa izaten ari da Espainiako txapelketarako prestaketa?

Normalean urtean zehar entrenamendu orokorrak egiten ditut: uretan zein uretatik kanpo. Gimnasioan indarra lantzen dut, etxean arnasketak, eta igerilekuan teknikak. Denboraldi amaieran, txapelketak jokatu baino lehenago, apnea luzeak egiten saiatzen naiz. Batzuek hasieratik egiten dituzte, baina nik nahiago dut amaieran egitea, txapelketa iritsi aurretik nire burua prest dagoela egiaztatzeko.

Hiru probetatik non ikusten duzu zure burua hobeto?

Gaitasun bereziak ditut proba estatikoan, eta hasieratik gogor hasi nintzen. Hala ere, nire indargunea estatikoa bada ere, bilakaera handiagoa izan dut proba dinamikoetan, batez ere hegatsik gabekoan. Lehen txapelketan 55 metro egin nituen, eta gaur egungo marka 114 metrokoa da. Badakit ez dudala proba horretan dominarik lortuko, baina asko betetzen nau izan dudan hobekuntzak.

Gutierrez, hegatsik gabeko proba egiten. Argazkia: E.G.

Nolakoak izaten dira entrenamenduak?

Era askotakoak izan daitezke. Hegatsik gabeko proba, adibidez, oso teknikoa da, eta igerian aritzeko trebetasuna funtsezkoa da metroak egiteko. Horregatik, entrenamendua teknikoa izan daiteke, mugimenduak hobetzeko; edo distantzia motzetan igeri egitea, errekuperazio gutxirekin, gorputza oxigeno gutxira ohitzeko. Modu asko daude entrenatzeko, eta proba honetan bereziki garrantzitsua da fisikoki ondo prestatuta egotea.

Iaz GOIENAri esan zenion erronka bezala master kategoriako munduko txapelketan parte hartzea gustatuko litzaizukeela. Zer egin behar duzu bertan egoteko?

"Apaltasunez esan dezaket, nire ustez, master mailan lan ona egin dezakedala"

Euskadin eta Espainian ez dago master kategoriarik, eta federazioak ezin zaitu halakotzat aitortu. Hala ere, joan nahi baduzu, federazioak oniritzia ematen dizu, baina dirua norberak jarri behar du. Aurten erabaki dut ez joatea, diru laguntzarik ez dagoelako eta garestiegia delako. Dena dela, ilusioz jarraitzen dut, eta gustatuko litzaidake munduko txapelketan parte hartzea. Gainera, apaltasunez esan dezaket master mailan lan ona egin dezakedala.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak