Familiako kideren baten heriotza eta osteko dolua, pertsona orok igaro beharreko prozesu bat izan arren, askotan, garesti irteten da. Garestia da, lagun edo senide horren galerak, emozionalki, izan dezakeen eraginagatik, eta baita ekonomikoki hileta-elizkizun duin batek izan dezakeen prezioarengatik. San Felipe Elkarlaguntza, garai bateko familiek bere gain hartzen zuten presio hori aritzeko helburuarekin sortu zen duela 128 urte. Gaur egun, helburu bera ardatz dihardute lanean.
128 urteko ibilbidea du San Felipe Elkarlaguntzak; ba ahal dakizu zergatik eta zertarako sortu ahal zen?
Bai hala da, 128 urte direla uste dut. Imajinatu nolakoa zen duela 128 urteko Arrasate: biztanle gutxiago zituen eta familien maila ekonomikoa, oso baxua zen. Hileta elizkizunetan sortzen ziren gastuak oso handiak ziren garai hartan, eta pertsona batzuen artean San Felipe martxan jartzea erabaki zuten, gastu horiek zertxobait arintzeko. Arlo emozionalari dagokionez, oso momentu gogorrak izaten dira, eta, horregatik, prozesua errazteko norbait lagun izatea oso garrantzitsua da.
Gainera, irabazi asmorik gabeko proiektua bezala jaio zen, eta hala jarraitzen du izaten, ezta?
Hori da, gaur egun, 11.000 bazkide baino gehiago gara. Bazkideen artean denetatik dago; haur, heldu zein nagusiak. Gehien hiltzen direnak, noski, nagusienak dira, baina 40 urteko pertsona baten kuota bera ordaintzen dute. Hau da: gaur egungo gazteek, nagusien hiletak ordaintzen dituzte, eta etorkizuneko gazteek berriz, gaur egungo gazteen hiletak. Horregatik gara elkarlaguntza bat, guztien artean ordaintzen ditugulako hiletak.
Apirilaren 18an egingo duzue urteroko batzarra; zer egiten duzue batzar horietan?
Hainbat bazkide mota ditugu: titularrak, ko-titularrak eta onuradunak edo berrogei urtera arteko seme-alabak. Batzarrera bazkide titularrak daude deituta. Bertan, Elkarlaguntzaren kontuak aurkezten dira, baita hurrengo urteko kuotak onartu ere. Bestetik, batzordearen berrikuntza ere batzar horietan egiten dugu. Urtero, batzordearen erdia berritzen dugu; hau da, batzordean bi urtetarako sartzen gara, eta orain arte hamar izan garen arren, hemendik aurrera zortzi izango gara. Urtero, lau pertsona berri sartuko dira batzordera.
Askok eskelak ikusita jakingo dute zer den San Felipe, baina zer egiten duzue zehazki?
Egia esan, San Felipeko bazkide gazte askok, ez dakite San Felipeko bazkideak direnik ere. Gure gurasoek bideratzen duten kontua denez, oinordetzan hartzen den gauza bat da. Gehienek ez dakite zer den, zer eskaintzen den eta zer ez; nik ere batzordean sartu arte ez nekien ezer. Gaur egun, oso ondo bereizita daude San Felipe Elkarlaguntza eta hileta zerbitzua; ez dira gauza bera. San Felipe, BGAE bat da, Borondatezko Gizarte Aurreikuspenerako Erakundea. EAEn, horrelako 28 entitate daude eta San Felipe Elkarlaguntza da bigarren handiena. Guk hileta zerbitzuen lizentzia izan arren, ez gara hileta zerbitzu bat; kudeaketa kontuez arduratzen gara. Kontua da, Ojanguren hileta zerbitzuarekin akordio estrategikoa dugula, eta eurak dira gurekin adostutako modu eta prezio batzuetan, zerbitzu hori eskaintzen dutenak.
Zer egiten du Ojangurenek?
24 orduko telefonoa dago, eta San Felipeko bazkide bat hiltzen denean, familiako edozeinek telefono horretara deitu dezake. Telefono horren atzean daudenak ordea, Ojangurenekoak dira. Eurek horrela, badakite deitu duena San Felipeko bazkidea dela, eta egin beharreko guztiaz arduratzen dira. Azken finean, San Felipeko bulegoan, ordutegi mugatua dugu eta pertsona bat edozein momentutan hil daiteke. Eurak profesionalak dira, oso momentu gogorrak izaten dira familientzat; askotan dramatikoak ere bai, eta prestatuta dagoen jendea behar da. Zorionez, poztasun maila handia izaten dugu.
Horren haria, doluaren inguruko hitzaldiak ere antolatzen dituzue, ezta?
Bai, hori da. San Felipeko bazkideendako sei hitzaldi inguru antolatzen ditugu. Bertan batez ere doluaren kudeaketa lantzen dugu; bereziki Gabonei begirakoak. Bestalde, pertsona bat hiltzen denean egin beharreko tramiteen inguruko hitzaldiak ere antolatzen ditugu. Gainera, duela bi urte inguru Arrasateko Amaidolua Elkartearekin akordio bat sinatu genuen. Eurekin batera ere beste bost hitzaldi inguru antolatzen ditugu; horiek bilera irekiak izaten dira, normalean Kulturaten eskaintzen direnak.
Hitzaldietara joateko aukera, bazkide izatearen abantailetako bat dela aipatu duzu. Zeintzuk dira besteak?
Alde batetik, horrelako momentu gogor batean, gauzak errazten ditugula esango nuke. Deitu ostean, erabaki gutxi hartu behar dira eta laguntza hori izateak asko errazten du prozesua. Bestetik, gaur egun, segururik gabeko hileta zerbitzu arrunt batek Debagoienan, 5.000-7.000 euro inguruko prezioa izan dezake; eskelak eta loreak kontuan izan gabe. San Felipeko bazkideen kasuan, gastu asko guk ordaintzen ditugu, eta, horrekin batera, familiei 825 euroko diru-laguntza bat ematen diegu, behar duten horretan erabili dezaten. Guzti hori kontuan hartuta, gutxi gora behera, hiletaren %70a estaltzen dugu; hori oso alde handia da erraz ordaindu daitekeen kuota baten trukean. 41 urtetik aurrera, urteroko kuota 60 eurokoa da; gazteagoek gutxiago ordaintzen dute.
Hileta guztiak ordea, ez dira arruntak izaten. Zer egiten duzue pertsona bat Euskal Herritik kanpo hiltzen denean?
Pertsona bat beste herrialde batean hiltzen denean, garraioa ere ordaindu behar da; hori dirutza bat da. San Felipek 4.000 eurora arteko garraioa estaltzen du, horrek esan nahi du, Andaluzian edo Extremadura bezalako lekuetan hiltzen diren pertsonen garraioa guk estaltzen dugula. Horregatik, bazkide izateak merezi duela uste dut.
Duela 130 urteko San Felipek eta gaur egungoak ez dute zer ikusirik izango; zeintzuk izan dira azken urteetan egin dituzuen aurrera pausoak?
Gizartea aldatu den heinean, San Felipe ere aldatu egin da. Adibidez, jaio gabeko umeak ere hil egiten dira, eta, jendeak, horrelako kasuetan ere zerbitzu bat gura izaten du, gorpua ehortzi ahal izateko. Gaur egun, esaterako, horrelakoei estaldura ematen diegu. Beilatokia ere badugu; 2021ean San Felipek beilatoki batean inbertitu zuen, gu gara jabeak baina Ojangurenek kudeatzen du, eta San Felipeko bazkideek prezio berezi batean erabili dezakete.