Bandera errepublikanoa igotzeko eta Hirugarren Errepublika baten aldeko brindisa egiteko elkartuko dira bi alderdietako kideak, eta herritar errepublikazaleei bertaratzeko gonbidapena luzatu diete.
Ezker Anitza-IUko Antolakuntza eta Finantza arduradun Juan Luis Merinoren arabera, ekimenaren helburua "II. Errepublikak ordezkatzen zituen bakea, justizia soziala, kultura eta aurrerapenaren balioak aldarrikatzea da, gaur egungo testuinguru belizistaren aurrean". Halaber, monarkiaren eredua zalantzan jarri eta errepublika estatu-eredu demokratikoago eta justuago gisa defendatu dute antolatzaileek.
Gainera, Eusko Jaurlaritzari mezua bidali diote, "industria militarra eta gerraren bidea ez dela herri honen garapen ekonomikorako aukeratutako bidea" esanez.