Bedoñabe eskolako patioa eraldatzeko lanak hasi dituzte

Hasier Larrea 2026ko apirilaren 8a

Lanek 48 lan egun iraungo dute, 104.148,21 euroko aurrekontuarekin. Eremua "hezkuntza inklusiboa, osasuna eta ingurumen-hezkuntza" sustatzeko eraldatuko du Udalak. 

Arrasateko Udalak Arrasate Herri Eskolaren Bedoñabeko eraikineko kanpo espazioa egokitzeko obrak hasi ditu, "gaur egungo patioaren erabilera aldatzeko asmoarekin, espazioa naturari begira jarriz eta erabilera anitzeko gune ez-sexistak sortuz, betiere ekintza pedagogiko desberdinetara egokituta".

Patioak 915 metro karratuko azalera dauka, asfaltatutako "espazio gogorra" izanik. Eraldaketa hezkuntza komunitatearekin batera burututako diagnosi parte-hartzaile baten emaitza izango da. Hala, egitura eta elementu natural ezberdinak egokituko dituzte, intentsitate desberdineko guneak sortuz.

Hiru eremu desberdin

Alde batetik, Mugimendu eremua edo Mariren basoa egongo da, intentsitate handiko gunea: "Bertan, altzairu herdoilgaitzezko txirrista bat, kautxuzko tontorrak, soka bidez igotzeko arrapala bat, akazia egurrez egindako oreka-jolasak, salto-salto baterako tranpolina eta rokodromo bat instalatuko dira".

Bestetik, Eremu sinbolikoa eta artistikoa egokituko dute, Galtzagorrien basoa eta Sorginen akelarre deitu dietena: "Sormena eta jolas librea lantzeko guneak izango dira. Tipi bat, pinu-azalezko krater bat, lurreko margoen bidez markatutako antzoki txiki bat eta baratze eremu bat aurreikusten dira".

Azkenik, bioaniztasunaren eta atsedenaren eremua egongo da: "Natura umeengana hurbiltzeko asmoz, fauna behatzeko guneak –intsektuen hotela eta txorientzako kabia– eta landaketa eremu anitzak".

"Iraunkortasuna eta natura"

Ikusten denez, proiektuak natura integratzea du ardatz. Horretarako, zuhaitz eta zuhaixka ugari landatuko dituzte –haritzak, arteak, gereziondoak eta 59 zuhaixka unitate–, itzala sortzeko eta egungo espazio gogorra "humanizatzeko". Gainera, berrerabilpenaren aldeko apustua egin dute, eraiste-lanetatik ateratako hondakinak tontorrak eta erliebeak sortzeko erabilita.

Esku-hartze honekin, Arrasateko Udalak Bedoñabe eskolako kanpo espazioa "eraikin barruko eremu pedagogikoaren jarraipen" bilakatu nahi du, haurren garapen askea, sormena eta parekidetasuna bermatuz.

Obrak K1 Ekopaisaia SLL enpresak egingo ditu 48 lanegunetan, 104.148,21 euroko aurrekontuarekin.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak