Literaturaren hilabetea da apirila. Hilabete berezia da apirila liburu-zaleentzako, eta, urtero bezala, Arrasateko Udal Bibliotekak hitzordu ugari eskainiko ditu literaturaren eta kulturaren garrantzia herritarrei helarazteko. Udal Bibliotekan 90eko hamarkadatik ospatzen dute Liburuaren Eguna, eta, "tradizio bat izatetik harago", liburutegiaren eta literaturaren garrantzia azpimarratzeko balio duten egunak direla azpimarratu du Asun Agirianok, zuzendariak: "Gure herrietako kulturaren eta ezagutzaren bihotza dira liburutegiak. Irakurtzea mundua ulertzeko funtsezko tresna bat da, baita ahalduntzeko eta entretenitzeko modu bat ere".
Liburuaren Nazioarteko Eguna
Hori horrela, apirliaren 23tik 27ra Liburuaren Egunaren bueltako zenbait ekimen antolatu dituzte Kulturaten eta Santa Marinako auzo bibliotekan. Izatez, gaur, egubakoitza, hasi behar zen egitaraua, Idoia Asurmendi musikari aramaioarrak eta Maria Oses idazle arrasatearrak Munstroen bila: ohearen azpian aurkitutakoak lanarekin, baina ikuskizuna bertan behera geratu da. Hori horrela, apirilaren 23an hasita, Helena Azkarragaurizar ilustratzaileak Liburu bat maleta bat da sormen tailerra egingo du Santa Marinako auzo bibliotekan. Irudiak sortzeko tailer praktiko bat izango da, eta 6 eta 12 urtera bitarteko haurrentzat egongo da zuzenduta.
Apirilaren 23tik 27ra bitartean, bi tailer eta antzerki eta kantu saio bat egingo dituzte
Saioan parte hartzeko ezinbestekoa izango da aurretik izena ematea, www.Arrasate.eus atarian. Apirilaren 24an, Arantxa Hirigoyen eta Philippe Albor bikoteak Ttinka antzerki eta kanta saioa egingo du Kulturaten. Kantua, musika, ipuinak eta antzerkiak uztartzen ditu saioak, eta 0 eta 7 urte bitarteko haurrei zuzenduta dago. Azkenik, Liburuaren Egunaren bueltako egitaraua itxiko du Idoia Torregarai kazetari usurbildarrak egingo duen Mikroipuinak izeneko idazketa tailerrak. Apirilaren 27an egingo da, Kulturaten, arratsaldeko seietan. Gazteei zein helduei zuzenduta egongo da saioa, eta tailerrak aukera emango die parte hartzaileei mikroipuinak ezagutzeko, idazkera laburreko ariketa praktikoak egiteko, testu laburren irakurketa eta analisia egiteko eta idazkerarekin lotutako jolas sortzaileak egiteko.
Hilaren 23an eta 27an egingo diren tailerrei dagokienez, Agirianok azaldu du idazketa eta irudimena praktikan jartzeko tailerrak antolatu nahi izan dituztela. "Azken finean, irakurketaren zati handiak dira ilustrazioa eta idazketa. Marraztea eta idaztea irakurtzeko modurik aktiboenak dira, eta hori nahi dugu azaldu eta erakutsi bi tailer horien bitartez".
Literatura solasaldiak, martxan
Liburuaren Egunaren bueltan egingo dituzten hitzorduez gain, literatura solasaldietako saioek ez dute atsedenik hartuko. Hain zuzen ere, Liburuaren Egunean bertan, euskarazko literatura solasaldien zazpigarren saioa egingo dute, datorren eguenean. Alex Gurrutxagak Jon Gerediagaren Argia, lurra, zuhaitza, zerua eta izena eta izana poema-liburuaren literatura solasaldia gidatuko du Kulturaten. Saioan bertan izango da Gerediaga, eta liburuaren xehetasunak sakon aztertuko dituzte haren laguntzarekin. "Solasaldia ez da literatura ekitaldi hutsa izango; egileak zubi-lanak egingo ditu irakurle ugariri urrunekoa egiten zaien genero horren ezaugarriak ezagutzera emateko", azaldu du Agirianok.
Horrez gain, egitarauari amaiera jarriko dio Claudia Piñeiro idazle eta gidoilari argentinarraren Tuya eta El tiempo de las moscas liburuen inguruan egingo den gaztelaniazko literatura solasaldiak. Apirilaren 29an egingo da, eta, Amparo Monterok gidatuta, arratsaldeko seietan hasiko da saioa, Kulturaten.