San Andres auzoko jai batzordeak prest du, hiru asteren faltan, jaiak behar bezala ospatzeko egitaraua. Adin guztietako auzotarrek gozatzeko moduko ekitaldiak programatu dituzte, beste urte batez. Jaiak ofizialki hasi aurretik, mendi irteera egingo dute Kurtzetxikira, hilaren 25ean, 10:00etan. Itzuleran, omenaldia egingo diote Lennongo Guillerri.
Ostegunean, hilak 30, murgilduko dira ospakizunetan arratsaldetik hasita. Gaztetxokoko kideak 17:30ean batuko dira Kurtzetxiki plazan, jolas erraldoiekin hasi eta txokolatadarekin jarraitzeko. Bien bitartean, 19:00etan hasita, Totz&Jou Vibes musika jartzaile aretxabaletarrek eta Sin+ musika-talde arrasatearrak girotuko dute Gudarien plaza.
Biharamunean, maiatzaren 1eko jai-egunean, patata-tortilla lehiaketa egingo dute plazan bertan, 11:00etan; etxetik ekarri beharko dute parte hartzaileek osagaiak eta baita sua ere, nahiz eta su batzuk eskura jarriko dituzten, aurrez izena emanez gero. Sorabox taldeko boxeolariek erakustaldi bat egingo dute jarraian. 18:30etik 21:00etara bitartean, Hip Hop kultura urbanoaren askotariko osagaiez betetako ekitaldiak egingo dituzte Gudarien plazan, besteak beste, rapak eta graffitiek protagonismoa hartuta. Gauean zehar Annekdotas, Machete En Boca eta Argitu erromeria izango dira plazako oholtzara igoko direnak.
Figueras Fest, eta gehiago
Egun handia zapatua izango da, maiatzak 2. Bazkari herrikoian elkartuko dira auzotarrak –tiketak zein jaiei keinu egiten dieten arropak erosteko aukera egongo da apirilaren 14an, 18an, 21ean eta 25ean Gudarien plazan jarriko duten postuetan–. Punk-rock kutsuko Figueras Fest jaialdian sei musika-taldek hartuko dute parte, 20:00etan hasita: Envidia Cochina, Penadas Por La Ley, The Fool Killers, Desastre, Legez Kanpo eta Degeneracion Rock. Gaztetxokoak Kurtzetxiki plazan garatuko du, bestalde, Altxorraren bila eta merendola, arratsaldean.
Jaiak amaitzeko, Potx Magoak haurrengan irria piztuko du 17:00etan hasita, domekan. Eta umore beltzak ere tartea izango du, Odeik aurkeztutako Crudo bakarrizketa saioan, 19:30ean.
Aurtengo festek zapore galiziarra izango dute goizetan. Maiatzaren 1etik 3ra, O Pulpeiro elkarteak olagarroa, enpanadak eta larpeirak zerbitzatuko ditu, 11:30ean hasita.
San Andresko jai batzordeak eskerrak eman dizkie jaiak sostengatzen dituzten herritar, eragile eta komertzioei.