Ohiturari eutsiz, doke txapelketa jolastu dute aurten ere herriko elkarte gastronomikoek –SUDC elkarteak– antolatuta. Guztira 25 elkarte gastronomiko daude herrian, eta horietatik 10ek parte hartu dute aurtengo edizioan, iaz baino bik gehiagok. Hala ere, Juan Luis Arkauz SUDCko lehendakariak adierazi duenez, parte-hartzea handiagoa izan beharko litzateke: "Gehiago izan beharko lirateke gaurko egunean jokatzera animatzen direnak".
Iaz bigarren postuan amaitu ostean, aurten txapela jantzi du San Isidro elkarteko bikoteak, eta "pozik" agertu dira lortutako garaipenarekin. Bigarren postua Leze Txikirentzat izan da; hirugarren posturako lehian, berriz, Txalaparta eta Danok Bat aritu dira, eta azken honek eskuratu du podiumeko azken tokia.
Astean zehar egindako euriak lurra lokaztu badu ere, gaurko eguzkiari esker giro aparta izan da Monteazpin. Horrela, herritar ugari gerturatu da txapelketara. “Jende asko etorri da, eta hori pozgarria da”, nabarmendu du Arkauzek.
Elkarte bakoitzeko bikote banak hartu du parte txapelketan, beste elkarteko bikoteen aurka lehiatuz. Txaparekin aiztoa kolpatzea da jokoaren helburua eta hori ez bada lortzen, parte-hartzaileak aiztora ahalik eta gehien gerturatzen saiatu behar dira, puntu gehiago eskuratzeko.
Berrikuntza: entrenatzeko tokia
Arkauzek azaldu duenez, kiroldegi berria eraikitzen dutenean, entrenatzeko gune bat izango dute, Udalak hala iragarrita. Obraren amaiera-data oraindik zehaztu gabe badago ere, etorkizunera begira albiste "pozgarria" dela azpimarratu du.
Hamaiketakoa, udalaren kontu
Ohiturari eutsiz, San Isidro elkarteak finalean irabazi ostean, Udaleko ordezkarien aurka jokatu dute azken partida. Kepa Urteaga eta Gladis Urizar izan dira aurten lehiatzera animatu direnak, baina ezin izan dituzte txapeldunak garaitu. Hortaz, hamaiketakoa – 30 kilo sardina eta 15 litro ardo – Udalak ordaindu behar izan du.