Goizeko 08:00etan abiatu dira fededunak Portaloitik, eta Santa Barbara parkeraino egin dute ibilbidea. Guztira hamalau geldialdi egin dituzte, Jesukristoren pasioaren une nagusiak –heriotzara kondenatua izatetik, hilobian sartzeraino— pausoz pauso gogoratzeko. Geldialdi bakoitzean, Bibliako pasarteak irakurri eta kanta elizkoiak abestu dituzte.
80 herritar inguru bildu dira aurten ekitaldian parte hartzeko. Parte-hartzaileek txandaka irakurri dituzte testu sakratuak, eta baita ibilbidean zehar aurrealdean eraman dute gurutzea ere. 09:30ak aldera iritsi dira Santa Barbarara, eta bertan amaitu dute ospakizuna.