Jaietako egitaraua apirilaren 30ean, eguena, hasiko da. Egun horretan, 17:30ean pregoia egingo dute Kurtzetxiki plazan, eta ondoren hainbat ekintza gazteenentzat. Iluntzean Totz & Jou taldeak girotuko du poteoa; ondoren, Sin + taldeak kontzertua eskainiko du Gudarien plazan.
Sanan Hip Hop Fest
Maiatzaren 1ean, egubakoitz arratsaldean, 18:30etik 21:00etara, Sanan Hip Hop Fest jaialdia egingo dute, hip hop kulturaren lau zutabeak —breaking, DJing, rapa eta graffitia— uztartuko dituzten tailer eta ikuskizunekin. Egunari amaiera emateko, kontzertuak izango dira plazan, Machete en Boca, Annekdotas eta Argitu erromeriaren eskutik.
Figueras Fest
Maiatzaren 2an, zapatua, egun nagusietako bat izango da. Eguerdian bazkari herrikoia egingo dute, eta arratsaldean hainbat ekintza egingo dira. Gauean, Figueras Fest jaialdiak hartuko du lekukoa, eta hainbat taldek joko dute: Legez Kanpo, Degeneración Rock, The Fool Killers, Penadas Por La Ley, Desastre eta Envidia Kotxina, besteak beste.
Gazteentzat egitaraua
Antolatzaileek nabarmendu dutenez, egitaraua adin guztietako herritarrei zuzenduta dago, eta aurten bereziki gazteei begirako ekimenak indartu dituzte, aisialdi eskaintza anitza eta parte-hartzailea sustatzeko helburuarekin.
Apirilaren 30ean, 17:30ean pregoia egingo dute Kurtzetxiki plazan, eta ondoren jolas erraldoiak, txapa tailerra eta mural kolektiboa izango dira. 18:30ean txokolatada egingo dute.
Maiatzaren 1ean, umeei zuzendutako marrazki lehiaketa egingo dute 16:00etan Gudarien plazan, 0 eta 12 urte bitartekoentzat. Antolatzaileek papera jarriko dute, baina parte-hartzaileek etxetik eraman beharko dituzte margotzeko materialak.
Jaiak maiatzaren 3an, domeka, amaituko dira. Arratsaldean, 17:00etan, Potx pailazoak emanaldia eskainiko du Gudarien plazan, eta 18:00etan, Kurtzetxiki plazan, sukaldaritza ondoratua egingo dute.
Auzo bazkaria
San Andres jaietako antolakuntzak jakinarazi duenez, auzoko bazkari herrikoirako txartelak eta jaietako merchandisinga salgai jarriko dituzte datozen egunetan Gudarien plazan. Hain zuzen ere, apirilaren 14an eta 29an 19:00etan eskuratu ahal izango dira, eta apirilaren 18an eta 25ean, berriz, 13:00etan.
Aurtengo bazkari herrikoia maiatzaren 2an egingo dute, 14:30ean, Gudarien plazan bertan. Bi menu egongo dira aukeran: helduentzakoa eta haurrentzakoa. Helduen menuak 28 euroko prezioa izango du, eta, besteak beste, patea, urdaiazpikoa, frijituak, penka beteak hondo saltsan eta oilasko izterrak saltsan izango ditu; amaitzeko, goxua edo sorbetea eskainiko dute, eta edaria, kafea eta kopa barne egongo dira. Haurrentzako menuak, berriz, 14 euro balioko du (12 urtera artekoentzat), eta makarroiak, hanburgesa patatekin, postrea eta edaria izango ditu.