"Amorrutik eta etsipenetik idatzitako" Garratz taldearen kantu berriak, sarean

Aitziber Aranburuzabala Juldain 2026ko apirilaren 2a

Garratz taldeko Marc Lopez, Jokin Bereziartua, Liher Larrañaga, Andoni Agirre eta Jon Nevado. Argazkia: Peru Arrese.

Bidoi bete gasolina izena du Arrasateko taldearen bigarren lan luzeak; apirilaren 26an aurkeztuko dute Arrasateko Irati tabernan 13:30ean hasita.

"Musikarako pasioak batuta" eta punk-rock doinuak reggae ukitu batekin oinarri dituen taldea da 2022. urtearen amaieran Arrasaten abiatutako Garratz. Honako hauek osatzen dute egun boskotea: Jon Nevadok –bateria-jolea–; Liher Larrañagak –gitarra-jolea–; Marc Lopezek –baxu-jolea–; Jokin Bereziartuak –abeslaria– eta Andoni Agirrek –gitarra-jolea–. "Rebel Noise taldeko Andoni Agirre batu da proiektura, eta, orain arteko bidea oso motza izan bada ere, oso gustura gaude haren ekarpenarekin. Belaunaldi berrien grina beti da ondoetorria", diote taldekideek.

2024an kaleratu zuten Arnasak estu hartzeraino lehen lan luzea, eta Bidoi bete gasolina izena duen bigarrena argitaratu berri dute. "Formatu digitalean dado entzungai, oraingoz, eta binilo formatuan ere aterako dugu; maiatzerako esku artean izatea espero dugu". Depos-Gaz elkarteak kudeatzen dituen lokaletan eta Arrasateko Hamarratz estudioan grabatu dituzte kantu berriak, Terrassako EM Estudin egin dituzte nahasketak eta Victor Garciarekin Ultramarinos estudioetan egin dituzte masterizazio lanak.

Hamar kantu

Zortzi kantu berrik eta 2025. urte hasieran argitaratu zituzten Gutako bat izan eta Bala baten abiaduran abestiek osatzen dute lana. "Diskoa bera dugu bidoia, eta abestiak dira gure gasolina. Mundua eta gizartea geroago eta garratzago dagoen testuinguru honetan, modu naturalean irten zaigu amorrutik eta etsipenetik idaztea; baina ez da dena iluna hitzei dagokienez. Talde barruko bizipenei, Euskal Herriaren etorkizun gordinari, sionismoari, faxismoari eta poliziari idatzi diegu. Hortik aurrera, entzuleak berak interpreta ditzala, entzuleak berak amaitu ditzala abestiak".

Gustura dago boskotea emaitzarekin: "Kantuak landuagoak, zorrotzagoak eta zuzenagoak dira, eta, zuzenekora eraman ez baditugu ere, badugu sentsazioa jendeari gustatu zaizkiola".

Hiru bideoklip ikusgai

Peru Arreserekin eta Lander Amorrorturekin egin dituzten hiru bideoklip argitaratu zituzten aurrerapen moduan, eta "gogotsu daude" lan berria zuzenean aurkezteko: "Arrasaten aurkeztea zen gure asmoa eta hala egingo dugu: apirilaren 26an Irati tabernan egingo dugu kontzertua 13:30ean".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak