Mondragon Unibertsitateko mutilek ez dute liga amaitzeko beharrik izan matematikoki etxerako lanak egiteko. Izan ere, Aste Santuko oporren aurretik, eta hiru jardunaldiren faltan, zuri-moreak Euskadiko Txapelketako lehenengo mailara igo dira –23 jardunalditan bi partidu bakarrik galdu dituzte–.
Iñaki Ogara Arri-ren mutilek sailkapenaren erdian dagoen AXA Ortiz de Zarate taldearen bisita izan zuten atzo, domeka, eta azkeneko emaitzak (84-65) alde polita erakusten badu ere, norgehiagokako lehenengo bi laurdenetan parekotasuna izan zen nagusi, etxekoak ez ziren eroso egon inongo momentutan (16-16, 25-25). Hirugarren laurdenean hasi ziren gauzak hobetzen (17-12), eta laugarrenean kontrarioak amore eman zuen (26-12). Hori horrela, Barberena, Lorenzo, edota Buesa moduko jokalari beteroen esperientzia gazteen freskotasunaz bateratzen asmatu du Arri-k, eta hortxe dago aurtengo denboraldiaren emaitza. Bada, azken partidu honetan izan dira Alex Lorenzo, Beñat Barberena, Txomin Ayastui, Pol Pages, Kepa Maidagan, Martin Buesa, Aitzol Aretxaga, Julen Lorenzo Fernandez, Oier Badiola, Markel Zubia, Mikel Zurutuza eta Jairo Godoy.
Soraluce BKE mailari eusteko borrokan
Maila berean, mailari eusteko borrokan diharduen Soraluce Bergararendako jardunaldi garrantzitsuak dira aurretik datozenak, orain momentuan lau talde dituzte sailkapenean atzetik, baina alde txikia dago eta edozer gerta daiteke. Gainera, geratzen diren hiru partiduetatik bi etxetik kanpora dituzte. Lehenengoa Santutxun, Aste Santu osteko oporraldia eta gero, apirilaren 19ko asteburuan.
