Espazio berria Kulturateren parte izatera pasako da etorkizunean. Gaur gaurkoz, baina, jarduera baimena tramitatu beharra dago, eta horretarako hilabeteak beharko dira. Eraikin berria kulturara bideratzeaz gain, Udalaren asmoa da hileta zibilak ere bertan egin ahal izatea. "Jauzi handi bat ematen dugu erosketa honekin. Jabetza pribatu bat arrasatearron esku jartzen dugu, erlijioari lotutako espazioa modu laiko batean erabiltzeko aukera eskainiz", azaldu du Maider Morras alkateak. Hala, gaur notaritzan egindako sinadurarekin, San Frantzisko eliza jabetza publikoa duen eraikina bihurtu da ofizialki.

Kulturateren parte eta hileta zibilen gune
Behin jabetza eskuratuta, Udalaren asmoa da espazio hau Kulturateren egunerokoan txertatzea. Udalak nahi du elizak jarduera kulturala izatea eta, era berean, hileta zibilak bertan egin ahal izatea. Gaur gaurkoz, Arrasatek ez du hileta zibilak leku itxi batean egiteko espazio duinik, eta gobernuarentzat hau "aukera ezin hobea" da. Hala ere, Udaletik adierazi dute kultur ekintzak eta hileta zibilak jaso baino lehen, hainbat egokitzapen lan egin beharko dituztela: teknikoki egokitu eta kutsu erlijiotsua duten sinboloak –erretaula, adibidez– babestu edo estali. Lan hauek 2026 eta 2027 urteetan zehar egitea aurreikusten du Udalak.
Ondare babestua
XVII. mendean eraikitako San Frantzisko eliza babestutako ondare historikoa denez, edozein esku-hartzek baldintza zorrotzak bete beharko ditu. Komentua 2007an bihurtu zen publiko –Kulturate sortuz–, eta elizaren erosketa honekin, eraikin multzo osoa udal-jabetzakoa da orain. San Frantzisko eliza Juan de Araoz Uriarteren diru ekarpenari esker eraiki zen XVII. mendean, eta 1954tik Frantziskotarrek zuzendutako jarduera erlijiosoari eutsi dio gaur arte. Orain, espazio hori herritar guztien erabilera publikorako berreskuratu du Udalak.
