Ander Murua: "Nire aldeko apustua eskertzeko modua izan da txapela irabaztea"

Xabier Urtzelai 2026ko martxoaren 27a

Ander Murua, joan den zapatuan, Bergarako Udal Pilotalekuan.

Arkaitz Gabirondorekin bikotea osatuta, Eskuz Binakakoa irabazi berritan, Arrasateko pilotariak Buruz Buruko torneoa hasiko du aurki.

Joan den zapatuan Arkaitz Gabirondorekin (Gaztelu, 2004) batera Bergarako Udal Pilotalekuan B Serieko Eskuz Binakako txapela irabazi ostean, Ander Murua (Arrasate, 2000) Buruz Burukoa prestatzen hasi da. Aste hau bereziki atseden hartzeko baliatu du, eta aitortu du konfiantzaz ekingo diola torneo berriari: "Egia da hamabost egun barru hasiko dugun Buruz Burukoa prestatzeko denbora gutxi izango dudala, baina iaz denbora asko izan nuen, eta ez dakit zer den hobe. Pilotari guztiek sinatuko lukete txapela irabazi berritan hastea torneo berria".

Aste barruan zer esan dizute Arrasateko taldean entrenatzen dituzun pilotari gaztetxoek?

Denek zoriondu naute [Barre], txapelketan zehar ere etorri dira partiduak ikustera, eta zapatuan animo-mezuekin kartela eginda etorri ziren Bergarara. Izugarri eskertzen diet babes hori.

Orain zuri dagokizu gazte horiendako erreferentea izatea...

Ni gaztea nintzenean Ibai Bolinaga zen nire erreferentea. Ez zen profesional mailara iritsi, baina oso maila politean ibili zen jokatzen. Urretxura, Antiguako torneora... joaten nintzen haren partiduak ikustera. Zaletasuna pizteko garrantzitsua da gazteek herrian halakoak izatea, bai.

Finala irabazi zenutenetik egun batzuk pasa diren honetan, hotzean, ze balorazio egiten duzu?

Aitortuko dizut ez dudala partidua ikusi. Galduta ere ez nukeen ikusiko, eta irabazita ere berdin egingo dut, ez dut uste partidua ikusiko dudanik.

Zapore gazi-gozoa utzi zizun, ala?

Ez, ez dut halakorik. Egia da hasieran tentsio handia sumatu nuela, eta partidu hasieran ez nintzen nahi moduan jokoan sartu, ez nuen partidu betea egin. Eta gozatzeko, jokoan sartzea gustatzen zait. Baina konturatu nintzenean ez nengoela luzimendurako, txipa aldatu nuen, eta pozik nago, partidua ondo irakurtzen jakin genuelako. Peña maila oso oneko aurrelaria da, eta aurretik ere bagenekien partidua atzean zegoela. Eta Gabirondok partidu borobila egin zuen; hor egon zen finala. Bestalde, txapelketa luzea izan da, eta nabaritu dut amaierarako nekea sumatu dudala. Aste hau ondo etorriko zait atseden hartzeko.

Oso maila polita erakutsi duzue txapelketan.

Bai; uste dut hamarrekotik gertu egon garela. Lehenengo bi partiduak irabazita ondo hasi genuen txapelketa, eta horrek konfiantza eman zigun. Ligaxkan aurreko postuetan ibili ginen, eta finalerdietako ligaxka ere ondo prestatu ahal izan genuen. Errioxan jokatutako partidua izan zen makalena, baina finalerdietako azken partiduan gure esku geneukan finalerako sailkatzea, eta halaxe egin genuen. Zaila da txapelketa hobea egitea.

Bikote ona osatu duzue Arkaitz Gabirondok eta biok.

Sekulako txapelketa egin du. Eskuz Binakakoa elkarrekin jokatuko genuela jakin genuenean asko poztu ginen, ilusio handia egiten zigun batera jokatzeak. Lagunak gara, iaz batera joan ginen oporretan, eta torneo honek gure harremana sendotu du gehiago.

Abuztuan bi urte egingo dituzu Asperekin profesionaletara salto egin zenuenetik. Zelako urte eta erdia izan da?

Oso balorazio positiboa egiten dut. Azken urteotan oso pilotari gazteei eman diete profesional mailara salto egiteko aukera, eta ni pentsatzen hasita nengoen aukerarik izango ez nuela. Horregatik, profesionaletara pasatzea sari moduan hartu nuen, eta badakidanez zenbat kostatzen den pausoa ematea, oso presente izan dut eta asko gozatu dut orain arteko bidea. Debuta egiteko aukera nagusiagotan ematen dizuetenean kontzienteago zara guztiaz.

Zer suposatzen du txapel hori irabazi izanak?

Nire aldeko apustua egin dutenei eskerrak emateko modua izan da. Pozik nago Aspek emandako aukerarekin, eta esango nuke eurak ere pozik daudela egin dugun lanarekin. Iaz pena hartu nuen txapelketatik kanpo geratu nintzenean. Lehenengo mailako txapelketan sartu ez zirenei eman zieten hemen jokatzeko aukera, eta, tira, kanpoan geratzea ez zen gozoa izan. Horregatik, txapela irabazi izana oso pozgarria izan da.

Zein da hurrengo erronka?

Buruz Burukoan maila ona erakustea. Gainera, zuzenean sartu naute ligaxkan, eta oso pozik nago. Urte eta erdi honetan sumatu duzu hobekuntzarik? Bai; esango nizuke udatik hona aurrerapausoa eman dudala. Udan partidu asko jokatu nituen, Lau eta Erdikoan finalerdietarako sailkatu nintzen, eta Eskuz Binakakoa ere luzea izan da. Urte erdian partidu asko jokatu ditut, eta sumatu dut hobekuntza, bai.

Motzean

Non gorde duzu txapela?

Ez dut gorde, sukaldean dago oraindik.

Finalaren ostean, ez zen merkea izango lagun artean ordaindutako lehenengo erronda...

Niri egokitu zitzaidan lehenengoa ordaintzea, eta pozik ordainduko ditut halako gehiago!

Bergarako frontoia gustukoen zerrendan sartu da?

Lehenago ere oroitzapen onak ekartzen zizkidan. Birritan irabazi nuen bertan Bergara Hiria.

Pilotari guztiek ez dituzte halako zaleak...

Ez, Jokin Altuna bezalakoak dira, maila gorenekoak.

Gabirondok eta biok tandem ona osatu duzue Binakakoan. Eta bi pilotarion jarraitzaileek?

Haiek ere ederto moldatu dira elkarrekin [Barre]. Finalaren ostean Bergaran hasi genituen ospakizunak, eta gero Arrasaten afaldu genuen denok batera. 130 lagun batu ginen afarian, eta afalostean kantuan ibili ginen. Arrasateko tabernetan gaua apur bat luzatu zen gero. Halakoak ospatu egin behar dira.

Bide batez, Arrasateko txoko bat?

Udala.

Janari gustuko bat?

Arroza.

Eta edateko?

Ardo beltza.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak