Txapelketari dagokionez, hirurak podiumera igo ziren; Urrutiak eta Hurtadok bigarren postuan eta Ovejerok hirugarren postuan amaitu zuten. Desoreka judo taldeko koordinatzaile Markel Urrutiak adierazi du "oso pozik" dagoela hiru judokek txapelketan erakutsitako mailarekin. Batik bat, sanbo borroka-kirolean espezializatuta ez egon arren Espainiako txapelketa irabazteko gertu egon zirelako hiru judokak: "Zenbait formakuntza egin ditugu txapelketarako prestatzeko, baina hiru kirolarirekin hiru dianatan jotzea kontuan hartzeko zerbait da guretzat. Judoan espezializatuta gaude, baina argi ikusi da sanboan ere lan txukuna egin dezakegula".
Euskadiko txapelketa zapatuan
Desoreka judo taldeko infantilek eta kadeteek Euskadiko txapelketa jokatuko dute zapatu honetan Oiartzunen. Hain zuzen, bederatzi judoka lehiatuko dira, eta bertan egongo da jokoan Espainiako txapelketarako sailkatzeko txartela; kategoria bakoitzeko irabazleek soilik eskuratuko dute. Urrutia itxaropentsu dago Espainiako txapelketara sailkatzeko txartela eskuratzeko: "Lau kirolari infantil izanda eta kadeteetan beste bost, taldeko judokaren bat finalerako sailkatzeko esperantza daukagu".
Kezkatuta kirol instalazioekin
Desoreka taldeak judo soziala eta pedagogikoa lantzea du oinarri. Hala ere, Urrutiak azpimarratu du bi oinarri horietan lan egiten den arren "goi-errendimenduko kirolariak" izateko gertu dagoen jendearekin lan egiten dutela, eta, alde horretatik, taldeko kideen garapena "erabat" oztopatzen dutela entrenatzeko erabiltzen dituzten kirol instalazioek: "Udalaren laguntza behar dugu. Ikusi dugu judoa pedagogikoki landuta goi-errendimenduko kirolariak izatera iritsi gaitezkeela, eta jendea goi-mailan lehiatzera iritsi daitekeela, baina instalazioek hori oztopatzen dute".
Gutxieneko baldintzak
Hori horrela, Urrutiak azaldu du kirolaren eta taldearen beharretara egokitzen diren "gutxieneko" azpiegiturak behar dituztela, bi arrazoi nagusirengatik: kirolariei formakuntza ona eman ahal izateko eta goi-mailako kirolariekin lan egiteko: "Jendeak ulertu dezan, bi kirolarik lehiatzeko 144 metro karratu erabiltzen dituzte, eta guk 25 kirolari sartzen ditugu 90 metro karratutan. Ulertzen dugu Udalak ere beste proiektu batzuk dituela esku artean, baina gustatuko litzaiguke azpimarratzea gauza txikiekin ere egoera asko hobetu daitekeela".