Azaldu dutenez, 2025eko daturik esanguratsuenetako bat bazkide kopuruaren etengabeko hazkundea da. Egun, 14.501 herritar dira bibliotekako bazkide, hau da, Arrasateko biztanleriaren % 65a. Urtebetean soilik 426 bazkide berri egin dira, liburutegiak herritarrentzat duen erakarpen gaitasuna berretsiz.
Papera da nagusi oraindik
Mailegu zerbitzuari dagokionez, joera bitxi baina argia ikusten da: aro digitalean egon arren, papera da erabiltzaileek gehien eskatzen duten formatua. Liburu fisikoen mailegua nagusi da ia erabat, eta bideo zein musika formatuek indarra galtzen duten bitartean, aldizkarien maileguak egonkor jarraitzen du.
Aipagarria da, diotenez, herriko ikastetxeekin dagoen lankidetza estua: 2025ean 1.864 liburu mailegatu zaizkie ikastetxeei, aurreko urtean baino % 13 gehiago. Zerbitzu digitaletan ere Arrasate aitzindaria da; eLiburutegia plataforman, 10.000 biztanletik gorako udalerrien artean, lehen postuetan dago gure herria.

Irakurzaletasuna sustatzeko "apustu sendoa"
Udalak inbertsio handia egiten jarraitzen du irakurzaletasuna bultzatzeko. 2025ean, arlo honetara bideratutako 40.000 euroko aurrekontutik 39.940 euro erabili dira tailerrak, ipuin kontaketak eta solasaldiak antolatzeko. Guztira 145 jarduera burutu dira urtean zehar, eta 3.511 lagunek hartu dute parte horietan.
Etorkizunerako erronkak: ArrasaTeka eta Santa Marina
60. urteurrenaren atarian, Udal Bibliotekak bi proiektu nagusi ditu esku artean herriari begira:
- ArrasaTeka proiektua: Herriko ondare digitala biltzen duen datu-basea herritarrei zabaltzea.
- Santa Marinako auzo biblioteka: Espazio gehiago izateko ametsa errealitate bihurtuko da aurten. Santa Marina auzoko biblioteka eraberritu eta handitzeko obrak burutuko ditu Udalak 2026an, auzoari eta auzotarrei zerbitzu hobea eman asmoz. Lan horiek maiatza eta ekaina bitartean lizitaziora aterako dira, eta Udalak xehetasun gehiago emango ditu datozen hilabeteetan.
Arrasateko Udal Bibliotekak eskerrak eman nahi dizkie urte guzti hauetan ondoan izandako bidelagun guztiei: "Liburutegia organismo bizi, dinamiko eta ongizatearen aldekoa izaten lagundu duten guztiei".