"Babes-sare bat" sortzeko eskatu dio Arrasateko EAJk Udalari, munduko gerren ondorioak arintzeko

Jokin Bereziartua Lizarazu 2026ko martxoaren 26a

Arrasateko EAJko udal bozeramaile Ander Garay. Argazkia: Arrasateko EAJ.

Arrasateko EAJk larrialdiko mahai tekniko-politiko bat "berehala" sortzeko eskatu dio Udal Gobernuari, Ameriketako Estatu Batuen, Israelen eta Iranen arteko gerraren gorakadaren aurrean.

Gatazka horrek munduko ekonomia are gehiago astinduko duela eta Arrasateko ekoizpen eta gizarte sarea zuzenean kolpatuko duela ohartarazi dute jeltzaleek: "Gerra ziurgabetasuna eragiten ari da merkatuetan. Tentsio energetikoaz gain, enpleguari, kontsumoari eta enpresa jarduerari buruzko arriskuak eragiten ari da; arduragabea da ondorioak agerian egon arte itxarotea".

Planifikazioa eskatu dute

EAJk salatu du Aldundiak eta Jaurlaritzak zerga neurriak eta prebentziozko laguntza lerroak onartu dituzten bitartean Arrasateko Udalak ezer egin gabe jarraitzen duela. Horren harira, jeltzaleek proposatzen dute arduradun politikoekin, Udaleko teknikariekin eta eragile ekonomikoekin –enpresak, kooperatibak, merkataritza, ostalaritza, autonomoak...– lan egiteko gune bat premiaz eratzea, krisia larriagotzen bada herritarrak babestuko dituen "tokiko talka-plan bat" diseinatzeko: "Arazoak iristen direnean inprobisatzen aritzea akats larria da, neurri askok aurretiko tramiteak behar dituztelako eta hilabeteak behar ditzaketelako martxan jartzeko".

Jeltzaleen proposamenak

Ander Garay buru duen taldearen arabera, Udalak "tresna indartsuak" ditu krisi ekonomiko bat arintzeko, baina diote aldez aurretik planifikatu behar dela: "Plangintzarik gabe neurri horiek berandu iristen dira, edo ez dira iristen. Gerra ez dago urrun; haren ondorioak laster iritsi daitezke Arrasatera. Askoz garestiagoa den energiaz ari gara, gure enpresentzako zailtasunez eta erosteko ahalmenaren galeraz. Mundua zurrunbiloan dagoenean, administrazio hurbilenak babes-ezkutu gisa jokatu behar du. Ezer ez egitea ez da neutraltasuna, arrasatearrak bakarrik uztea da. Egonkortasuna ez da inprobisatzen, eraiki egiten da".

Garayk honako neurri hauek proposatu ditu: berehalako zerga-arintzea, ordainketa-egutegiak aldatuz edo aparteko geroratzeak emanez; zuzeneko laguntzak sektore kaltetuentzat, bereziki merkatari, ostalari eta autonomoentzat; eta udal-abalak, kreditua garestitzen edo murrizten bada enpresa-itxierak saihesteko.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak