Arrasateko Udalak 2026ko udaberrirako eta udarako turismo programa berria aurkeztu du Arrasate: Gertuko turismoa lelopean. Apiriletik irailera bitartean egongo diren aukerek herritarrei zein bisitariei aukera emango die herriko natura-ingurunea, ondare historikoa eta kultur agenda ezagutzeko. Hemen turismo eskaintza.
Natura eta ibilbide gidatuak
Programaren ardatz nagusietako bat natura izango da. Guztira hamahiru mendi ibilaldi gidatu antolatu dituzte, apirilaren 4tik irailaren 26ra bitartean.
Askotariko zailtasun mailetako ibilaldiak egongo dira, parte-hartzaile guztiengana egokitzeko. Lehenengoan, Anporretako bira egingo dute –Burdinaren bidea–, eta meatze-garbitokiak eta gerra zibileko lubakiak bisitatuko dituzte.
Ondorengo hilabeteetan, besteak beste, Kortaburu, Gongetako meatzeak, Besaide, Kurtzetxiki, Tellamendi eta Udalatx bisitatzeko aukera egongo da. Gainera, Arrasateri bira egiteko bi saio berezi –ekialdea eta mendebaldea– eta Arantzazura zein Leintz Gatzagara doazen ibilbide luzeagoak ere antolatuko dituzte.
Kultura, jaia eta kirola
Naturaz gain, kulturak eta jai-giroak ere presentzia izango dute. Maiatzean, Udaberriko Musikaldia ospatuko da, eta uztailean Arrasate Blues jaialdia. Ekainean, berriz, San Juan jaiak izango dira herriko hitzordu nagusia. Kirolari eta aisialdiari dagokionez, berriz, Garagardo Azoka, Nazioarteko Zazpinako Errugbi Txapelketa, Mondran Bike eta Enduro Txapelketa bezalako ekitaldiak nabarmendu ditu Udalak.
Turismo digitala eta ondarea
Turismo digitalaren aldeko apustua indartu nahi izan du gainera Udalak. Duela urtebete martxan jarritako Arrasate 360 plataformaren bidez, bisitariek herriko ondare historiko, industrial eta naturala modu birtualean ezagutzeko aukera izango dute.
Izen-emateak
Ibilbide gidatuetan parte hartzeko izena eman behar da webgune honetan edo BAZera deituta –943 25 20 00 edo 619 485 767–.