Kooperatibak azaldu duenez, legez ezarritako gutxieneko %10aren ordez, irabazien %12 zuzendu zuen gizarte funtsera. Fagorreko Kanpo Taldeko iraunkortasun arduradun Aritz Otxandianoren arabera, ekarpen horiek "komunitatearekin eta lurraldeko erronkekin" duten konpromisoaren barruan kokatzen dira. Azaldu duenez, kooperatiba izaerak komunitatearekiko lotura estua indartzea eskatzen du, eta horregatik parte hartzen dute askotariko ekimenetan, interkooperazioan oinarrituta.
Debagoienean, ekarpenik handiena
Debagoieneko egitasmoetara bideratu zuen Fagorrek diru kopururik handiena, ekarpen osoaren %59. Besteak beste, Debagoiena 2030 iraunkortasun sarearekin lotutako hainbat proiekturi eman zien babesa, 785.000 euro, baita eskualdeko hezkuntza zentroei ere beste, 785.000 euro.
Lehen multzoan, besteak beste, komunitate energetikoen garapena —Eskoriatzako Esnargi kooperatiban bazkide laguntzaile gisa parte hartzea—, elikadura burujabetza sustatzeko Tokixan egitasmoa eta Arrasaten mugikortasun jasangarria bultzatzeko Plaza Bizi proiektua aipatu dituzte. Hezkuntzaren arloan, berriz, laguntzak bideratu zituzten, besteak beste, Hirekin industria eraldaketarako zentrora, Arizmendi Ikastolako Torrebaso 2030 egitasmora eta Mondragon Unibertsitateko Huhezi fakultateko Kolaborategira.
Horrez gain, Debagoieneko herrietako hainbat elkarte eta tokiko egitasmotara 251.000 euro bideratu zituzten taldeko kooperatibek.
Barne ekimenak eta beste esparru batzuk
Barne mailan, hainbat egitasmori eutsi zien Fagorrek: kooperatibetako euskara planei, mugikortasun jasangarria sustatzeko Fagor Mugi programari eta kideak gizarte ekimenetan inplikatzeko Fagor Elkarrekin egitasmoari. Horien artean, euskara planek jaso zuten diru kopururik handiena, 753.000 euro.
Bestalde, Euskal Herri mailako egitasmoetara 144.000 euro bideratu zituen —horietatik 120.000 euro Fagor Herrigintza programaren bidez—, eta nazioarteko elkartasunean 314.000 euroko ekarpena egin zuen. Azken esparru horretan, garapen bidean dauden herrialdeetan proiektuak sustatzen dituen Mundukide Fundazioak jaso zuen laguntzarik handiena, 304.000 euro.