Energia berriztagarrien zikloa eskainiko du Mondragon Goi Eskola Politeknikoak

Eki Letona Erretolatza 2026ko martxoaren 24a

Debagoieneko Goi Mailako Lanbide Heziketako eskaintzak berritasun bat izango du 2026ko irailetik aurrera: Mondragon Goi Eskola Politeknikoak Energia Berriztagarrien Goi Mailako Zikloa jarriko du abian Arrasaten. Titulazio berri hau hazkundean dagoen sektore honi erantzuna emateko asmoz sortu dute.

Programa euskaraz eskainiko da, eta 25 plaza izango ditu. Bi urteko ikasketa planaren barruan, enpresen benetako erronketara egokitutako proiektu praktikoak egingo dituzte ikasleek, baita enpresetara bisitak eta praktikaldiak ere. Horrez gain, formazio dualean parte hartzeko aukera izango dute, eta atzerriko enpresetan praktikak egiteko aukera ere eskainiko da HETEL eta Erasmus+ programen bidez.

Sektorearen hazkundea

Sektorearen hazkundea nabarmendu du Xabier Lizaur Ekitermik enpresako ingeniariak. Haren esanetan, energia berriztagarriek gero eta pisu handiagoa dute, "energia berriztagarriek protagonismo handia hartu dute azken urteetan, hazten ari den sektorea da, eta langile kualifikatuen behar handia dugu". 

Gainera, adierazi du ohikoa dela beste probintzietako langileak Euskal Herrira etortzea sektore horretan lan egitera: "Sektore honek bertako langile kualifikatuen falta duela eta, oso ohikoa izaten da beste probintzietako langileak Euskal Herrian lanean ikustea".

Bestalde, Gorka Aretxaga Mondragon Goi Eskola Politeknikoko Lanbide Heziketako koordinatzaileak azaldu du sektorearen gorakada antzeman dutela, eta bailarako gazteei trebatzeko aukera eman nahi dietela. "Urteak daramatzagu sektore honetan gorakada ikusten eta pausoa eman dugu, ziur gaude bailarako gazteei aukera berri bat eskaintzen ari garela enplegagarritasun handiko sektore batean murgiltzeko".

Programa akademikoa

Bi urteko ikasketa planak askotariko gaien inguruko ezagutza bermatzen du, besteak beste: zentral elektrikoetako sistemak, instalazio fotovoltaikoen konfigurazioa eta muntaketa, parke eolikoen mantentzea, arrisku elektrikoen prebentzioa eta automatismoak. Horrez gain, ikasleek zentroak dituen azpiegitura espezializatuak erabili ahal izango dituzte, hala nola elektronikako, automatismoetako, robotikako, makina elektrikoetako eta instalazio elektrikoetako laborategiak.

Ate irekiak

Ziklo berria ezagutzeko ate irekien bi saio antolatu dituzte: lehenengoa martxoaren 28an izango da, 11:00etan, eta bigarrena maiatzaren 9an, ordu berean. Parte hartzeko, aldez aurretik izena eman beharko da. Informazio gehiago nahi dutenek onarpena.lhm@mondragon.edu helbidera idatzi edo 664 298 683 telefono zenbakira deitu dezakete.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak