Arrasateko Udalak Uribarri auzoko aire kalitatearen neurketen emaitzak aurkeztu ditu

Eki Letona Erretolatza 2026ko martxoaren 18a

Arrasateko Udalak Uribarri auzoko aire kalitatearen inguruan egindako neurketen emaitzak ezagutzera eman ditu, eta aldi berean, neurketa horiek 2028ra arte monitorizatzen jarraitzeko kontratazio berria iragarri du. 

Udalaren arabera, azken datuek erakusten dute airearen kalitatea indarrean dagoen araudiaren barruan dagoela, baina jarraipena indartzea erabaki du, "bizilagunen kezkari erantzuteko eta prebentzio neurriak sendotzeko".

Neurketak 2025ean abiatu zituen Udalak, Eusko Jaurlaritzak egiten dituen kontrolen osagarri gisa. Azaldu dutenez, ekimenak auzotarren "eskaera historiko" bati erantzuten dio, eta emaitzak jendaurrean aurkeztu dituzte. Ildo horretan, nabarmendu dute neurketekin jarraitzea erabaki dutela, "osasuna bermatu eta airearen kalitatea kontrolpean izateko".

Datuak araudiaren barruan

2025ean egindako azterketen arabera, Uribarriko airearen kalitatea legeak ezarritako parametroen barruan mantendu da. Esekitako partikulen, PM10 eta PM2,5 neurketek erakutsi dute jasotako balioak antzekoak direla Arizmendiarrieta plazako estazio ofizialekoekin.

PM10 partikulen kasuan, urteko batez besteko balioa ez da gainditu. Eguneko muga hiru egunetan soilik gainditu zen, ekainaren 9an, 10ean eta 13an, baina horrek ez du araudia urratzen. PM2,5 partikulen balioak ere muga legalen azpitik egon dira urte osoan.

Bestalde, partikula sedimentagarrien neurketetan balio altu puntualak atzeman dira zenbait unetan, baina indarrean dagoen araudiaren arabera, ez da frogatu osasunerako arriskurik dagoenik.

Neurketen jarraipena eta lizitazio berria

Aurrerantzean, Udalak airearen kalitatea monitorizatzeko zerbitzuaren lizitazio berria jarri du martxan. Helburua da Uribarriko airearen egoeraren jarraipen zehatza egiten jarraitzea eta ingurumen-osasuna bermatzea.

Orain arteko emaitzak positiboak izan arren, zerbitzua luzatzea eta hobetzea erabaki dute, herritarren kezkari eta fundizioaren emisioek sortutako ikusgarritasunari erantzuteko. Lizitazioa bi lotetan banatu da:

  • 1. lotea: Esekitako partikulak, PM10 eta PM2,5. Bi urterako kontratua izango da, Itxaropena plazako neurgailu automatikoaren kudeaketa barne hartuta, eta datuak denbora errealean jarraitzeko aukera emango du.
  • 2. lotea: Partikula sedimentagarriak. Urtebeteko iraupena izango du, beste urtebetez luzatzeko aukerarekin. Neurketak hilero egingo dira, eta hiru kokalekutan txandakatuko dira: Jokin Zaitegi Ikastola, Variante Oeste eta Uribe kalea.

Uribarriko lantegiaren etorkizuna

Bestalde, Fagor Ederlaneko zuzendaritzak adierazi duenez, "Uribarriko lantegia 2028an ixtea" aurreikusten dute. Udalak jakinarazi du dagoeneko lehen harremanak izan dituztela enpresarekin lurzoruaren etorkizunaren inguruan.

"Oraindik goiz da lurzoru horren etorkizunaz hitz egiteko. Aukera guztiak mahai gainean daude, eta datozen urteetan joango gara argitzen eta zehazten etorkizuneko erabilera. Dena den, gaur egungo fundizioa epe motzera ixtea albiste ona dela uste dugu", adierazi dute Udaletik.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak