Zerbitzu Enpresaren saria jaso du Ategik, Gipuzkoako Ganberaren eskutik

Koldo Zubia Salas 2026ko martxoaren 13a

Gipuzkoako Enpresaren Sarien 34. edizioko saridunak; Ategiko ordezkaria, sariarekin, ezkerretik lehenegoa.

Gipuzkoako Ganberak, Arrasateko Ategi enpresa saritu du Gipuzkoako Enpresaren Sarien 34. aldian. Ategik, "bezeroei erosketen eta hornidura kateen kudeaketan balio erantsi handiko soluzioak eskaintzeko duen gaitasuna" goraipatu du Ganberak, Zerbitzu Enpresa saria emanez.

Horrez gain, "Kooperatibak erosketen kudeaketa integrala, jasangarritasuneko zerbitzu aurreratuak eta algoritmo propioetan oinarritutako tresna digitalak" konbinatzen dituela ere erantsi du  Gipuzkoako Ganberak, eta, horrek, "erabakiak hartzea errazteko eta lehengaiak eskuratzeko prozesuak optimizatzeko" balio duela.

Ategik, gaur egun, 47 profesionalek osatutako plantilla du, Arrasateko egoitzan eta Txinan, Indian, Vietnamen eta Mexikon duen nazioarteko sarean banatuta.  Ganberak, Ategik, herrialde hornitzaile nagusietan duen "presentzia global estrategikoa" goraipatu du: "Berrikuntza teknologikoaren alde egiten duen apustuak kudeaketa denborak murriztea eta prozesuak profesionalizatzea ahalbidetzen du, gaitasun aurreratuak enpresa txiki eta ertainen eskura jarriz". Azkenik, Ategik "bezeroen arteko lankidetza" sustatzen dituela ere esan dute.

Enpresen lehiakortasunari eustea helburu

Sai banaketa ekitaldian, Gipuzkoako enpresa-sare osoaren lehiakortasuna balioan jarri dute, garapen ekonomikoan, enpleguaren sorkuntzan eta lurraldeko enpresen nazioarteko proiekzioan duten "funtsezko eginkizuna" azpimarratzearekin batera. Ildo horretan Ganberako presidente den Mauricio Arregik, enpresek, inguruneak eta pertsonek "elkarrekin aurrera egitea"  beharrezkoa dela adierazi du: "Gipuzkoa hazten ari da. Esportatu egiten du. Enplegua sortzen du. Eta oinarri industrial eta teknologiko sendoa mantentzen du. Eta horrek, oraingoa bezalako eszenatoki batean, are balio handiagoa du".

Ategi ez da ekitaldiko enpresa saritu bakarra izan. 2026ko Gipuzkoako Enpresa Saria Grupo Campezok eraman du. Lemu Groupek Enpresa Nazioartekotzearen Saria jaso du; Egaña Groupek, ETE Industrialaren Saria; eta Semi Zabalak Berrikuntza Enpresa Saria.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak