Alde horretatik, Bergarako Musika bandak egindako lana eskertu du Txurrukak, 70eko hamarkada amaieran emakumeak izan zituen lehenengoetako banda Bergarakoa izan baitzen. Hala, gaur gaurkoz, bandaren erdia emakumeek osatzen dute, eta hori ere azpimarragarria dela adierazi du zuzendariak.
Errepertorioari dagokionez, sei pieza joko dituzte: hain zuzen, Jaime Teixidorrek Amparito Rocari eskainitako Amparito Roca, Fanny Mendelssohn alemaniarraren Obertura do Maiorren, Miguel Gonzalez Bastida bergararrak haren lagun baten emazteari eskainitako Claudia, Maria Antonia Moyua bergararrak konposatutako Zortziko pieza, Kumiko Tanaka japoniarraren Il Cinghiale di Bronzo eta Ong Jiin Joo singapurtarrak moldatutako Adele kantautore britainiarraren doinu bilduma.