Kanpainaren baitan, programa zabala osatu du merkatari elkarteak, eta askotariko jarduerak izango dira martxoaren 6tik 29ra bitartean; tartean, egubakoitz eta zapatu honetan Tolin el Mariachi, Duo Imperial eta Los Gavilanes mariatxi taldeek egingo dituzten emanaldiak.
Arduradunek azaldu dutenez, mariatxi emanaldiak antolatu dituzte kaleak musikaz eta alaitasunez betetzeko, eta, era berean, herriko merkataritzaren garrantzia ikusarazteko: "Arrasateko merkataritzak bizirik jarraitzen duela eta udalerriko bizitzaren funtsezko parte garela gogorarazteko".
Afari "berezia" Ondaren
Gaur ilunkeran, 20:30ean hasita, afari "berezia" egingo dute Ondare jatetxean, eta, bien bitartean, Tolin el Mariachi santurtziarrak emanaldia egingo du, gastronomia, musika mexikarra eta festa giroa ingurura eramateko. Musika mexikarraz gain, gaur bertan, arratsaldeko seietan, The Far West antzerkia egingo dute Kulturateko areto nagusian. Kids&Us-ek antolatu du hori, eta 1 eta 8 urte bitarteko haurrendako izango da.
Tolin el Mariachi,
Duo Imperial eta Los
Gavilanes mariatxi
taldeen emanaldiak
gaur eta bihar
Zapatuari dagokionez, Mexikoko kantu eta doinuez gozatzeko aukera izango dute arrasatearrek, eta bi mariatxi emanaldi egingo dituzte, eguerdian eta arratsaldean. Horietako lehena Reynaldo Caballero kubatarrak eta Izaskun Goizueta nafarrak osatzen duten Duo Imperial bikoteak egingo du, eta, 13:00ean hasita, bikoteak mexikar musika tradizionala eramango du Otalora Lizentziaduna kalera; hain zuzen ere, Txoko taberna parera. Bikoteak ongi ezagutzen duen leku bat da; izan ere, Txoko parean egin zituzten emanaldiak, duela bi eta hiru urte, Ibai-artek antolatutako mariatxi festetan.
Emanaldiak borobiltzeko, arratsaldeko zazpietan hasita, Bilboko Los Gavilanes taldeak emanaldia egingo du Izozkitegi inguruan, eta boskote mexikarrak Arrasatetik Mexikora eramango ditu herritarrak errepertorioan jasotzen dituen rantxera ezagunekin.
'Merkataritza-pasaportea'
Merkataritzaren Jaiaren baitan, Merkataritza-pasaportea egin dute aurten. Kanpainan parte hartzen duten establezimenduek zigiluak izango dituzte, eta pasaportea zigiluz betetzen dutenek herriko saltokietan gastatzeko 100 euroko 20 erosketa-txartelen zozketan parte hartuko dute.
Ibai-arteko arduradunek adierazi dutenez, "erosketa bakoitzeko" bezeroek zigilu bat jasoko dute; hala, pasaportea zortzi dendatako zortzi zigilurekin eskuratuko dute, martxoaren 6tik 21era. "Pasaporteok Altuna Lurrindegian, Buart Loradendan, Elena Modan edo Portaloi Optikan entregatu, eta totebag bat jasoko dute opari". Zozketa martxoaren 23an egingo dute, eta sari banaketa, martxoaren 25ean, Herriko Plazan.
Askotariko jarduerak
Egunotako jarduerez gain, merkataritza elkarteak aisialdirako hainbat jarduera jasotzen dituen programa zabala osatu du hilaren 29ra arte. Hain zuzen ere, Arrasateko Udalaren, Eusko Jaurlaritzako Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailaren eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren Ekonomia Sustapeneko eta Proiektu Estrategikoetako Sailaren laguntzarekin antolatu du Ibai-artek.
Bertan jasotzen dira, besteak beste, hilaren 19an Amaia antzokian taularatuko den La Boheme opera emanaldia; hilaren 26an Kapikua dendan Menopausia: norbere burua berriro gustuko izateko estilo-gakoak aholkularitza pertsonalizatua; eta martxoaren 29an Portaloian Steve Kras & American Band kontzertua.
Operara joateko sarrerak
Datorren eguenean izango da La Boheme opera emanaldia Amaia antzokian, eta Ibai-artek bertara joateko 30 sarrera zozketatuko ditu gaur –bina sarrerako hamabost sari–, martxoaren 2tik 12ra Whatsapp bidez jaso dituzten erosketa-tiketen artean.
Zozketa gaur egingo dute, hilaren 12ra arte jasotako txartel guztien artean, eta irabazleek Altuna Lurrindegian jaso beharko dituzte sarrerak, martxoaren 16an edo 17an.