Berrikuntza nabarmenekin dator Debagoieneko Lanbide Heziketaren azokaren hemezortzigarren edizioa, martxoaren 25ean eta 26an egingo dutena. "Lanbide Heziketak gizartearekin eta enpresekin duen lotura indartzea da helburua eta, horretarako, espazio berriak prestatu ditugu, bisitariei eskualdeko prestakuntza-aukera ez ezik, Lanbide Heziketak gizartean eta ekonomian duen eragina ere gertutik ezagutarazteko", azaldu dute antolatzaileek.
Klaustroaren erdigunea Lanbide Heziketak gizartearekin eta enpresekin duen harremanaren adierazgarri izango da, eta han kokatuko dute Proiektu berezien txokoa. "Txoko horretan, Debagoieneko ikastetxeek gizarte mailan garatzen dituzten ekimen esanguratsuak aurkeztuko dituzte. "Besteak beste, Arizmendi Ikastolak martxan duen ekonomia zirkularreko Birziklanet proiektu berezia ezagutaraziko da, eta Mariaren Lagundia Ikastolak, Bergarako Udalarekin elkarlanean, Bakardadea eta hirugarren adineko pertsonen inguruan garatzen ari den proiektua ere aurkeztuko da".
Bestalde, TKgune berrikuntza eta teknologia transferentziarako sareak ere bere presentzia izango du, martxoaren 26an. "Eskualdeko Tkgune zentroen baliabide eta espezializazioak ezagutzeko aukera ere egongo da eta enpresa txiki eta ertainentzat garatzen dituzten berrikuntza aplikatuko proiektuak erakutsiko dituzte, Lanbide Heziketak enpresen lehiakortasunean egiten duen ekarpenaren adibide".
Energiaren arloan, Debagoieneko Mankomunitateak martxan duen Energia bulegoa azokara bertaratuko da asteazken arratsaldean, herritarrei eskaintzen dizkien zerbitzuak ezagutarazi eta energia arloko orientazioa eskaintzeko.
Horrez gain, Sebero Altube plazan karpa bat jarriko dute, bertatik pasatzen diren herritarrei informazioa eman eta Debagoieneko Lanbide Heziketaren Azokara hurbiltzera gonbidatzeko.
Bailarako zazpi ikastetxe
Debagoieneko Lanbide Heziketako zazpi ikastetxeek parte hartuko dute azokan: Aretxabaleta Lanbide Eskola, Arizmendi Ikastola, MGEP, Miguel Altuna Lanbide Heziketa, Mariaren Lagundia, Oñati Gestio Heziketa eta Oñati BHI. Horiekin batera, Bastida Akademiak, IkasDebagoienak, Lanekik, Tkguneak eta Debagoieneko Mankomunitateak ere haien informazio-mahaiak izango dituzte.
Azokaren ordutegiari dagokionez, martxoaren 25ean, 08:30etik 14:30era eta 16:00etatik 18:30era izango da. Martxoaren 26an, aldiz, 08:30etik 14:30era.
Hitzaldi bat ere egongo da
Ikasle, langabe eta prestakuntza bila dabilen edonorentzat zabalik egongo dira ateak. Ikasleei dagokienez, hainbat mailatako 400 ikasle inguru espero dituzte. "Aurten gainera, DBH-2ko ikasleak ere etorriko dira lehen aldiz Azokara bisitan".
Lanbide Heziketako ikasketak egin dituzten pertsonen esperientziak ezagutzeko asmoz, martxoaren 25ean, 18:30ean hitzaldi bat egingo dute, Lanbide Heziketa aukeratzeko zazpi arrazoi eta ikasleen esperientziak izenburua duena. Horretarako, izena ematea komenigarria da, 943 79 30 90 zenbakira deituta edo debagoiena.goiaz@gmail.com helbidera idatzita.
Informazio gehiago, hemen.