PlazaBizi egitasmoaren helburua Arimazubi auzoa seguruago, bizigarriago eta jasangarriago bihurtzea da, pertsonak eta natura erdigunean jarriz. Horretarako, azken hilabeteetan hainbat saio, elkarrizketa gune eta auzo topaketa egin dituzte, auzotarrek ideiak, kezkak eta proposamenak partekatzeko aukera izan dezaten.
'Santa Barbara piztu'
Aurkezpenean azaldu dutenez, prozesuaren emaitzen artean bi ekimen nagusi daude. Batetik, ‘Santa Barbara piztu’ izeneko ekimena aurkeztu dute. Proiektu horren helburua Santa Barbarako berdegunea berraktibatzea da, aisialdi eta kultura jardueren programazio jarraitu baten bidez. Tokiko eragileek —besteak beste Begisare elkarteak, guraso elkarteek, ikastetxeek eta haur eta gurasoen asanbladek— parte hartzea aurreikusten da, espazioari erabilera berriak emateko eta auzoko jardueretarako gune dinamiko bihurtzeko.
'Altxorbarara'
Bestetik, ‘Altxorbarbara’ izeneko proposamena ere aurkeztu dute. Santa Barbarako altxorren bila oinarritutako jolas moduko ibilbidea izango da, auzoko ingurunea ezagutzeko modua eskainiko duena. Bide tematikoen bidez antolatuko da, eta bertako ondare eta natur elementuak izango ditu ardatz: gaztelua, ermita, flora eta fauna edo inguruko paisaia. Proiektuaren koordinazioa Txatxilipurdi elkartearen esku egongo da, eta diseinu prozesuan gurasoak, ikastetxeak eta beste hainbat eragilek parte hartzea aurreikusten da.
Aurkeztutako ekintzek Arimazubi auzoan mugikortasun berdea sustatu eta naturguneak lotzea dute helburu, autoen presentzia murriztuz eta auzoko komunitate-bizitza indartuz. Itxiera saioa herritar guztiei irekita egon da, eta saioa amaitzean luntxa eskaini diete bertaratutakoei, prozesuan zehar landutako komunitate izaera indartzen jarraitzeko.
