Instagrameko arrakastarekin harrituta daude. Hasieran lotsa apur bat eman bazien ere, bilobak azaldu du nondik etorri zen etxeko altxorra publiko egiteko erabakia: "Asko elkartzen garen familia gara. Nire unibertsitateko ikasketa amaierako lanetan asko lagundu zidan aitonak eta gure harremana are gehiago estutu zen. Laster beteko dira bi urte amona hil zela eta aitonarekin denbora gehiago pasatzeko moduen bila hasi nintzen, aitona ez da-eta geldi egotekoa... Familian bagenekien hainbat taberna eta komertzio diseinatu dituela baina arrasatear askok ez dakite, eta ideia interesgarria iruditu zitzaidan".
Proiektu oro, "iraganera bidaia"
Etxebarria erretiratu zenean bulegoko material guztia ondo gorde zuen eta, orain, bilobak animatuta, urte luzez hautsa hartzen egon diren dokumentuak pixkanaka joan dira ateratzen. Dokumentu horiek duten balioa ikusita bilobak instagram kontu bat sortu zuten eta proiektuz proiektu doaz horien guztien berri ematen, prisa barik. Aitonaren gomendioak jarraituz karpeta bat ireki, proiektutik zer nabarmendu daitekeen erabaki eta zapatu goizetan elkartu ohi dira sare sozialetarako bideoa egiteko. "Etxera datorrenean endredatu egiten nau, baina oso gustura egoten gara. Artxibora jo eta karpeta bat irekitzen dugun bakoitzeko iraganera bidaiatzen dut. Pentsamenduak berritzeko aukera ematen dit, eta baita bizitzan lan egin dugula konprobatzeko ere", dio Etxebarriak.
Etxean kontua gazteleraz zergatik dagoen galdetuta, honako hau dio Gomezek: "Aitonarekin beti egin izan dut gazteleraz; testuren bat jartzen dut euskaraz baina gauza gutxi. Gainera, kanpotik, Zaragoza edo Madrildik besteak beste, zenbait estudiok ere jarraitzen gaituzte...". Eta Etxebarriak, euskaraz oso ondo berba egin arren, honako hau gaineratu du: "Eskolan ezin genuen euskaraz egin; etxeko euskara izan dut baina galtzen joan naiz. Berba egiteko samurtasuna galdu egin dut".
Diseinu asko, eta askotarikoak
Estudioa Otalora kaleko 29. zenbakian izan zuen Etxebarriak. Batxilergo elementala ikasi ostean, Aprendices eskolan ofizialtza industriala ikasi zuen, eta baita topografia ere. Gero, interiorismo titulua irten zenean, Zaragozan egin zituen azterketak, eta Arte Aplikatuetan graduatu zen. 1964 edo 1965 urtetik aurrera hasi zen barne-diseinatzaile bezala eta azken lan publikoa 2015ean egin zuen, Zabolain sagardotegia diseinatzeko. Tartean, lan asko eta askotarikoak egin ditu; izan ere, Etxebarriaren arrastoa duten Arrasateko taberna eta denden zerrenda luzea da oso. Hona hemen batzuk, besteak beste: Muxibar, Bengoa, Branka, Arrasate, Ubide –gerora, Haizea taberna–, Nebraska, Arrogoi, Ekaitz –edo Palmeras bezala ezaguna, gaur egun Hoba–, Hotel Mondragon, Zuk Nahi, Mendi, Lasagabaster, Troko, Resusta, Luko, Ceciaga, Zubia... Arrasaten ez ezik, inguruko beste negozio batzuk ere diseinatu zituen; Bergaran, esaterako, Zumelaga, Tartufo eta Zer Nahi.
Hiru adibide berezi


Ubide edo Haizea taberna Zarugaldeko Ubide taberna –gerora, Haizea– 1977an ireki zen, soto batean. "Lasai egoteko, gai komertzialez berba egiteko edota negozioak egiteko kafetegi baterako diseinatu nuen, nahiz eta gerora gaueko parrandarako baliatu izan zen. Hasieran erakusketak jartzen ziren, koadroak salgai jarrita, artea bultzatzeko. Diseinu berezia du, oso zaindua".


Troko denda Erdiko kaleko arropa denda 1994an ireki zen. "Pasadizo ilun bat erakusleiho ikusgarri bihurtu genuen. Arropa erakusteko bi tarte besterik ez zituen eta soluzioa izan zen sarrera panoramiko kurbatu bat egitea; zabaltasun sentsazioa emateko tunel bat egin nuen atean, ispiluak jarri barruan... Ez zen ohiko denda bat, detaile guztiak gehiago saltzeko ideiatu genituen".


Kasino elkartea 1972 eta 1973 artean ireki zen sarrera Erdiko kaletik zuen Kasino elkartea –egun Iturriotz kalean dago–. Elkarte berezia zen, billarrarekin eta jolaserako beste hainbat aukerekin, eta ordurako diseinu oso modernoa zuen. Ume zela ezagutu zuen Kasino zaharra Aitana Gomezek: "Gremioek esan izan didate aitonaren diseinuek oso ondo irauten dutela denboran; adibidez, kasinoko aulkien antzekoak aurki daitezke egun Zara Home-n".
Etxebarria: "Fabrika ez zen niretzat"
Fabrikan ez zegoen gustura eta aukera berrien bila ari zela ekin zion Etxebarriak barne-diseinatzaile lanari: "Soldadutza amaitu ostean Roneo fabrikan hasi nintzen, baina ez nenbilen gustura. Roneon Joxe Letona izan nuen lankide eta harekin hasi nintzen lantxo batzuk egiten. Geroago Oñatiko Construcciones Umerez enpresan hasi nintzen, eta handik Egaralur enpresara, baina han gauzak ez zitzaizkidan ondo joan. Aitaren ahaleginei esker, ordurako ezkonduta nengoela, Roneora itzuli nintzen baina ez nuen urtebete ere egin han; fabrika ez zen niretzat. Roneo utzi nuen nire ingurukoen iritziaren aurka eta ordutik benetan egitea nahi nuena egiten hasi nintzen... erretiratu arte".
Igal enpresarekin ere "harreman estua" izan zuen urte luzez: "Bi elgetarrek eramaten zuten, eta harreman estua egin nuen. Haiekin hasi nintzen interiorismorako proiektu txikiak egiten. Etxe barruetan hasi nintzen eta gero taberna, denda eta bestelako komertzioetara egin nuen salto". Izan ere, barne-diseinatzaile bezala aitzindari izan zen Etxebarria: "Orduan ez zegoen inor halakoetara dedikatzen zenik, eta esan daiteke garai hartan erreferente bat bihurtu nintzela. Asko aldatu da lan egiteko modua; pentsa, nik lehen ordenagailua Salamancan ezagutu nuen. Ordura arte ez nuen ordenagailurik ukitu; orduan dena egiten zen eskuz. Bueno, aurrekontuak-eta emazteak egiten zituen idazmakinarekin. Baina 1990ean edo 1991n ezagutu nuen lehen ordenagailua, Macintosh markakoa".
Bestalde, barne-diseinua edo interiorismoa bereizgarri izan behar dela uste dute Etxebarriak eta Gomezek: "Ezberdin egitea da helburua. Lurra marroia eta ate zein pareta guztiak zuriak izan beharrean kolore apur bat sartzen denean asko aldatzen da kontua. Askotan, detaile txiki batek aldaketa bat handi bat suposa dezake".
Egungo diseinua, gizartearen isla
Etxebarriak aitortzen du "pena puntuaz" bizi duela diseinatu izan dituen taberna, jatetxe zein dendak goitik behera aldatzea ugazabak aldatu izan direnean: "Beste asko ere itxi egin behar izan dituzte... Horrela dago mundua, eta aurrera egin behar...". Gaur egun abiada bizian bizi izatearena ere heldu da interiorismora, Etxebarriaren arabera: "Lehen diseinu bat egiten zenean bizitza osorako izango zenaren pentsamendutik egiten zen baina gaur egun hori ere oso iragankorra da. Lehen inbertsio askoz handiagoa egiten zen epe luzeago baterako aurreikuspenarekin egiten zelako; materiala askoz hobea zen, materialari ematen zitzaion tratamendua askoz finagoa...". Hala ere, bilobak dio bueltan datorrela lehengai ona erabiltzeko joera: "Dena da ziklikoa", gaineratu du aitonak.
Joeren aldaketei dagokienez, Arrasateko Lasagabaster denda ezagunarekin gertatu zena oso gogoan du Etxebarriak: "Nik diseinatu nituen bi solairuak eta barruko banaketa. Ordura arte erakusleihoak txikiak izan ohi ziren baina orduko Lasagabasterreko arduraduna atzerriko azoka batetik etorri eta dena aldatu zen; ordutik erakusleiho handiak jarri ziren bogan, denda barrutik ahalik eta gehien erakustea zen helburua".
Zerrenda luze bateko beste adibide batzuk:






